Mundua -
NAZIO BATUEN BATZARRA
Trumpekin elkartzeko eta hitz egiteko prest dagoela esan du Madurok
Gainera, abuztuan jasan zuen erasoa ikertzeko eskatu dio Venezuelako presidenteak Nazio Batuen Erakundeari.
AGENTZIAK
Nicolas Maduro Venezuelako presidentea Donald Trump AEBko presidentearekin batzartzeko eta hitz egiteko prest agertu da.
"Ni AEBk nahi dituen gai guztiez zintzotasunez hitz egiteko prest nago", azaldu du Madurok. "Diferentziak ditugula? Bai, noski, baina ezberdinok hitz egin behar dugu, ezberdinak dira mahai gainean borondate ona eta hitzak jarri behar dituztenak", gaineratu du.
Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian egin duen hitzaldian, Madurok azpimarratu du New Yorkera iritsitakoan jakin duela Trump berarekin elkartzeko prest agertu dela.
Asteartean presidente estatubatuarrak esku-hartze militarrarekin mehatxatu zuen eta aukera hori gauzatuz gero Maduroren Gobernua "azkar" garaituko luketela esan zuen. Jorge Arreaza Venezuelako kantzilerrak berehala erantzun zion, eta balizko "esku hartze" baten aurrean herrialdeak bere burua defendatuko lukeela azpimarratu zuen.
Bestalde, Nicolas Madurok "ikerketa independente bat" abiatzeko eskatu dio Nazio Batuen Erakundeari, droneak erabilita abuztuan jasan zuen atentatua argitzeko. Gertatutakoaren atzean Ameriketako Estatu Batuak eta Latinoamerikako beste hainbat herrialde daudela uste du Madurok.