Mundua -
Hiru aldeko akordioa
AEBk, Kanadak eta Mexikok NAFTA ordezkatuko duen itun komertzial berria adostu dute
Merkataritza akordio 'berri eta modernizatua' AEB-Mexiko-Kanada akordioa (USMCA, ingelesez) deituko da aurrerantzean.
Agentzia | Erredakzioa
Kanadak eta Ameriketako Estatu Batuek (AEB) merkataritza akordio berria adostu dute Mexikorekin, 90eko hamarkadan hiru herrialdeek izenpetutako Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna (NAFTA, ingelesez) ordezkatzeko.
"Gaur, Kanadak eta AEBk ituna hitzartu dute Mexikorekin batera, XXI. menderako akordio komertzial berri eta modernizatua lortu dugu: AEB-Mexiko-Kanada (USMCA, ingelesez)", jakinarazi dute Robert Lighthizer AEBko Merkataritza ordezkariak eta Chrystia Freeland Kanadako Atzerri ministroak sinatutako ohar bateratu batean.
Hilabeteak eman dituzte negoziatzen. Ika-miken iturri nagusia Kanadako esne-ekoizpenak duen babesa izan da, eta AEBk babes hori kentzeko egindako presioa. Antza, akordio berriaren arabera, Kanadak sarbidea erraztuko die AEBko esne-ekoizleei.
CNN telebista-katearen esanetan, akordioa azaroan sinatuko dute Trumpek, Trudeauk eta Andre Manuel Lopez Obradorrek. Ondoren, herrialde bakoitzeko parlamentuek 60 egun izango dituzte onartzeko.
Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak Twitterren esan duenez, "egun aparta izan da Kanadarentzat".
Jesus Seade Mexikok akordioa negoziatzeko izan duen ordezkariak ere pozez hartu du iragarpena: "Hiru aldeko akordioa ospatzen ari gara. Atea itxi diogu eskualdearen zatiketa komertzialari", esan du Twitterren.
Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Ituna (NAFTA, ingelesez) 1994an izenpetu zuten hiru herrialdeek. Donald Trump AEBko presidentea Etxe Zurira heldu zenetik, baina, hainbat moldaketa egin ditu.
Abuztu amaieran, NAFTA berritzeko bi aldeko akordioa lortu zuten AEBk eta Mexikok, baina hirugarren bazkidea falta zen. Azkenean, gaur itxi dute hirurek akordioa.