Mundua -
Kronika Egiptotik
'Soldaduek manifestariekin bat egin dute Mubarak boteretik botatzeko'
Olatz Simon EITBko berriemaile berezia Kairon gertatzen ari denaren lekuko da. Armadak herriarekin bat egin du eta manifestariei "lasaitasuna" eskatu die.
Olatz Simon
Egoera goitik behera aldatu da Egipton. Olatz Simon EITBko berriemaile bereziak jakitera eman duenez, Kairon zabaldutako Armadak manifestariekin bat egin du. Soldaduek Tahrir plazan gelditu dituzte tankeak eta bertatik atera dira. Bozgorailu baten bitartez, herriarekin eta manifestariekin bat egingo dutela iragarri dute soldaduek, Mubarak presidentea Gobernutik botatzeko asmoz.
Manifestariek hitz hauek txaloka hartu dituzte. Gainera, soldaduek "lasaitasunez" aritzeko eta "Mubarak amore eman arte" egoerari eusteko eskatu diete.
Olatz Simonen informazioaren arabera, Mubarak atzo agertu zen telebistan. Presidenteak Gobernua aldatu eta "erreforma politikoak eta ekonomikoak" aurrera eramango dituela iragarri zuen.
Hala ere, iragarpenak ez zuen manifestariak bete. Kalera atera ziren berriro ere, etxeratze-agindua errespetatu gabe. Istiluak Kairotik eta Egiptoko zenbait hirietatik zabaldu ziren.