Mundua -

HONDAMENDI NATURALAK

1.400 baino gehiago dira Indonesiako lurrikara eta tsunamian hildakoak

Nazio Batuen Erakundeak 15 milioi dolar bideratuko ditu kaltedunei laguntzeko.

Gizon bat, txikizioaren erdian. Argazkia: EFE
Lurrikarak eta ondorengo tsunamiak hondamendia utzi zuten Indonesian. EFE
1.400 baino gehiago dira jada Indonesiako lurrikara eta tsunamian hildakoak

0:34

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1.400dik gora dira jada ostiralean Indonesiako Celebes uhartean izandako lurrikararen eta ondorengo tsunamiaren ondorioz hildakoak, herrialdeko agintariek asteazken honetan jakinarazi duten azken balantzearen arabera.

Iturrion arabera, 2.500 pertsona larri zaurituta daude. Agintariek ohartarazi dutenez, biktimen kopuruak gora egin lezake, ehunka pertsona desagertuta baitaude oraindik. Erreskate taldeek hondakinen artean harrapatuta egon daitezkeen pertsonen bila jarraitzen dute. Oraindik orain, zenbait tokitara iritsi ezinda jarraitzen dute; izan ere, hainbat errepide itxita daude.

Dena dela, pixkanaka-pixkanaka bada ere, hasi dira argindarra eta erregaiaren hornidura berrezartzen. Argindarraren konpainiako langile batek EFE albiste agentziari baieztatu dionez, argindarra iritsi da Palu hiriaren % 30era. Halaber, goizaldean hasi dira gasolina banatzen.

Erregai, ur eta elikagai eskasiaren ondorioz, arpilatzeak izan dira azken egunotan saltoki eta gasolindegietan.

Lurrikarak eta ondorengo tsunamiak txikituta utzi zuen Palu eta inguruko herriak, satelite bidez hartutako irudiotan ikus daitekeenez:

 

 

NBEk 15 milioi dolar bideratuko ditu

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 15 milioi dolar bideratuko ditu ostiraleko 7,5 graduko lurrikararen eta ondorengo tsunamiaren kaltetuei laguntzeko.

NBEren Giza Laguntza Koordinatzeko Bulegoak azaldu duenez, Nazio Batuen Erakundea, gobernuz kanpoko erakundeak eta Indonesiako Gobernua elkarlanean ari dira.

Ostiralean hainbat lurrikara izan ziren Indonesian, 7,5 gradukoa handiena, eta, ondoren, hiru metro inguruko olatuek astindu zuten kostaldea. Hildakoez eta zaurituez gain, 61.900 desplazatu eragin ditu.

Joan den igandean, Indonesiako Gobernuak laguntza eskatu zion nazioarteari, lurrikaren eta ondorengo tsunamiaren ondorioei aurre egiteko. Celebes uhartea, Palu eta Donggala dira tokirik kaltetuenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak 2024 NBE argazkiak Albisteak Gaur Hondamendi naturalak albisteak Albisteak Lurrikarak gaur Indonesia Lurrikaretan hildakoak