Mundua -
FRANTZIA
Frantziako espetxe batetik helikopteroz ihes egin zuen presoa atxilotu dute
Redoine Faid goizaldean atxilotu dute Creil hirian, bere jaioterrian, 25 urteko kartzela zigorra betetzen ari zen Reauko kartzelatik ihes egin eta hiru hilabete eskasera.
AGENTZIAK
Frantzian, orain hiru hilabete Reauko espetxetik helikoptero batean ihes egin zuen presoa atxilotu dute. Redoine Faid gaizkile ezaguna da Frantzian, eta 25 urteko zigorra betetzen ari zen 2010ean indarrez (armekin) egindako lapurreta batean parte hartzeagatik. Lapurreta horretan polizia bat hil zuten.
Poliziak goizaldeko laurak aldera atxilotu du Creil hiriko -bere jaioterria- etxebizitza batean. Le Figaro egunkariaren arabera, Redoine Faiden anaia eta bi iloba eta emakume bat ere atxilotu dituzte. Antza denez, erresistentziari jarri gabe atxilotu dute.
Redoine Faidek, 46 urte, uztailaren 1ean modu ikusgarrian ihes egin zuen Paris eskualdeko Reauko kartzelatik. Hainbat gizon armatuk helikoptero bat baliatu zuten ihesaldirako.
Ez zen espetxetik alde egiten zuen lehen aldia. 2013an ere ihes egin zuen Lille-Sequedineko kartzelatik. Orduko hartan dinamita baliatu zuen bidea ireki eta ihes egiteko. Kanpoan auto bat zuen zain eta sei astez egon zen ihes eginda, harik eta hotel batean atzeman zuten arte.