Mundua -

Kronika Egiptotik

Olatz Simon: 'Greba partziala dago une honetan'

Dirudienez, gasolina, elikagaiak eta ura urri dira Kairon. Armadak kaleak kontrolatzen jarraitzen du eta lasaitasuna da nagusi.

Olatz Simon

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Populazioaren artean greba partziala dela esan du Olatz Simon EITBko berriemaileak Egiptotik. Bihar hasiko den greba orokor mugagabean parte hartzeko dei egin dute oposizioko zenbait buruzagik, Kairo geldiarazi nahian.

Era berean, milioi bat herritar bildu nahi dituen manifestaldi erraldoi bat deitu dute biharko. Antza denez, gasolina, elikagaiak eta ura urri dira hiriburuan.

Armadak kaleak kontrolatzen jarraitzen du eta lasaitasuna da nagusi ordu hauetan. Poliziari kaleetara itzultzeko agindua eman diote agintariek, baina, hori bai, soldaduen agintepean. Horrela, zirkulazioa arautzeko eta segurtasuna bermatzeko eskatu diote.

Ihesaldi masiboa

Hiriburuaren iparraldean dagoen espetxe batetik ihes egin zuten preso askok bart. Ihesaldian 50 hildako izan ziren, polizia eta presoen artean. 2.000 preso baino gehiagok ihes egitea lortu zuten.

Iraultzak aurrera egiteko ageriko aurpegi bat behar du, posible bada, Mohamed El Baradei izan daiteke aurpegi hori, nazioarteak aintzat hartzen duen aurpegia delako.

Mubarak boteretik kentzeko musulmanen batasuna eta beharrezko guztia egingo dutela diote manifestariek. Horretarako El Baradei edo besteren bat balio zaiela gaineratzen dute. Egoeratik ateratzeko edozein balio du, Mubarak botatzeko, gero hauteskundeetan presidente berria aukeratuko dute.

El Baradei ez dute guztiek atsegin, iraultzarekin bat beranduegi egin duela uste dute batzuek, meritua eramateko soilik. Beste batzuek, ostera, iraultzak arrakasta izatea El Baradeiren esku dagoela uste dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea