Mundua -
Kronika Egiptotik
'Tahrir enparantza iraultzaren erdigune bihurtu da dagoeneko'
'Milioiaren Martxa'ren hasierari buruzko zuzeneko informazioa eskaini digu Olatz Simon EITBko berriemaile bereziak. Tahrir enparantzan 100.000 lagun baino gehiago bildu dira dagoeneko.
Olatz Simon
Interesgune garrantzitsuenetarikoa bihurtu da gaur Kairoko (Egipto) Tahrir enparantza. Bertan, 100.000 manifestari baino gehiago bildu dira, ''Milioiaren Martxan'' parte hartzeko asmoz, Olatz Simon EITBko berriemaile bereziak aditzera eman duenez.
Telebista arabiarrak zuzenean emititzen ari dira eta Egiptoko leku guztietatik etorri diren 100.000 lagun baino gehiagok martxan parte hartuko dute. Manifestariek diotenez, gaurko manifestaldiak iraultza eta, ondorioz, Gobernu aldaketa bizkortu dezake.
Horrela, Kairoko Tahrir enparantza istiluen eta iraultzaren erdigune bihurtu da dagoeneko.
Manifestarien kontra ez zuela tiro egingo adierazi zuen atzo Armadak, agiri ofizial baten bitartez. Soldaduek diotenez, ez dute herritarrei eraso egingo ez gaurko martxan ezta etorkizunean ere. Armadaren arabera, herriak eskatzen duena legearen araberakoa da.
Bitartean, herriak eskatu duenaren ordezko antzeko batzuk ematen ari dio Mubarak presidenteak: Gobernu berria, beste ministro batzuk izendatu... Manifestarien aburuz, erreforma hauek berandu iritsi dira eta orain ez dituzte onartuko.
Azken informazioen arabera, Mubarakek Omar Suleiman bere presidenteorde berriari erreformak egin ditzan eskatu dio.