Mundua -
Iraultza demokratikoa Egipton
Mubarakek ez du dimititu
Hauteskundeetara ez dela aurkeztuko iragarri du, baina bien bitartean ez du agintea utziko. Aldez aurretik, ehunka mila pertsona Egiptoko kaleetara atera dira, agintetik botatzen saiatzeko.
Erredakzioa
Hosni Mubarak Egiptoko presidenteak aurtengo irailean izango diren hauteskundeetara ez aurkezteko erabakia hartu du, baina karguari eutsi dio.
Telebistan egindako agerraldi laburrean iragarri duenez, ez da datozen huteskundeetan egongo eta "trantsizio politiko baketsu baterako" bidea egingo duela esan du.
Dena den, Mubaraken hitzaldia ez da nahikoa izan eta Tahrir enparantzako lagunek proposamena ukatu dute. Datozen orduak guztiz garrantzitsuak izango dira.
Liskarrak Alexandrian
Mubarak presidentearen jarraitzaileen eta erregimenaren aurkakoen arteko liskarrak sortu dira Alexandrian hitzaldiaren ostean.
Protesta erraldoia
Egiptoko gizartea kalera atera da gaur, Hosni Mubarak diktadorea eroriaraztea eta demokrazia aldarrikatzea helburu duen manifestazio historikoan parte hartzeko.
Hedabide arabiarren arabera, "ehunka mila" pertsona bildu dira Tahrir plazan (Kairoko erdigunea).
Mubarakek boterea utzi arte ez du oposizioak negoziatuko. Gainera, lagun talde batek (batzorde batek) jarraitu beharreko pausoak Armadarekin eztabaidatzea nahi du oposizioak.
Simonen esanetan, "Egiptoko historian sekula ez da izan gaurkoa bezalako manifestaldirik". "Etxeratze-agindua, agindu sinbolikoa da jadanik", gaineratu du.
El Baradeiren eskakizunaBoterea ostirala baino lehen uzteko eskatu dio Hosni Mubarak Egiptoko presidenteari Mohamed el Baradei oposizioko kideak, Al Arabiya telebistan egindako adierazpenetan.
Gainera, Mubarak joan baino lehen elkarrizketarik hastea arbuiatu du El Baradeik. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendari ohiaren ahotan, "elkarrizketa hasi baino lehen Mubarakek alde egin behar du". "Odola isurtzea saihesteko" Mubarak alde egitea beharrezkoa da, erantsi du.
Armada
Armadak iragarri du ez duela indarkeria erabiliko manfestarien aurka, haien aldarrikapenak "zilegiak" direla uste duelako, eta beraz, herritarrak beldurra galtzen eta kalera irten dira.
Manifestazio historikoa ''Apirilak 6'' oposizioko mugimenduak deitu du, milioi bat pertsona biltzea helburu.
''Apirilak 6'' mugimendua Facebook bidez sortu zen, eta 2008an prezioen igoeraren aurka egin zituzten mobilizazioen omenez hartu du izena. Egun, oposizioko alderdi nagusiak biltzen ditu.
Asteartetik, gutxienez 102 pertsona hil dira eta 1.000tik gora zauritu, Poliziaren jazarpenaren ondorioz.
Bien bitartean, Mubarak gero eta bakartuago dago. Herritarrak eta nazioartea presio egiten ari dira, eta agintea utzi beharko duela segurutzat jotzen dute Egipton.