Mundua -
Izugarrizko istiluak
Kairo gudu-zelai bihurtu dute liskarrek
Gutxienez pertsona bat hil da eta beste 611 zauritu dira istiluetan. Liskarrak Tahrir plazan gertatzen ari dira, iraultza demokratikoaren bihotzean.
Erredakzioa
Tentsioak gora egin du Egipton. Horrela, Hosni Mubarak presidentearen jarraitzaileen eta oposizioko manifestarien artean lehen istiluak hasi dira gaur. Bien bitartean, Parlamentuak bertan behera utzi ditu osoko bilkurak, hauteskundeetako emaitzak berriz aztertu arte.
Liskarrak Tahrir plazan gertatzen ari dira, iraultza demokratikoaren bihotzean. Bi aldeetako manifestariak borrokan ari dira kolpeka eta harrika.
Tahrir plazaren inguruetan tiroak entzun dituzte, baina biktimen berririk ez dute eman, telebista arabiarrek emandako datuen arabera.
Hasiera batean, bi taldeak urrun mantentzeko saiakera bat izan da zenbait tokitan eta plazaren sarrerak Armadak zaindu ditu, baina egoerak okerrera egin du.
Gobernuaren aldeko militanteak bota dituzte egoera lasaitu nahian, oposizioko ekintzaileak plazaren erdialdean mantentzen ziren bitartean.
Hosni Mubarak presidentearen jarraitzaileak eta oposizioko manifestariak sakabanatzeko airera tiro egin du Egiptoko Armadak, Al Yazira telebistak jakitera eman duenez.
Kairoko erdialdean, Tahrir plazan, gertatzen ari diren liskarretan parte hartzen ari diren manifestariek jaurtitako molotov koktelen ondorioz sute bat izan da Egiptoko Museoan, Al Yazira telebistak jakitera eman duenez.
Hala ere, suteak eraikuntzari eragin ez diola azaldu dute segurtasun zerbitzuetako iturriek, museoa inguratzen duten lorategiei baizik.
Gutxienez pertsona bat hil da eta beste 611 zauritu dira istiluetan, Osasun Ministerioko bozeramaile batek jakinarazi duenez. Hildakoa segurtasun indarretako kide bat dela zehaztu du bozeramaileak.
Egonkortasuna berreskuratzeko protestekin amaitzeko eskatu die manifestariei Armadak gaur. Mubarakek iraileko hauteskundeetara ez aurkeztea erabaki zuen bart.
Horrela, Egiptoko Armadak ontzat eman du Hosni Mubarak presidentearen iragarpena (ez du dimititu, baina ez da hauteskundeetara aurkeztuko), eta etxera itzultzeko dei egin die herritarrei, erregimenaren aurkako aste beteko protesten ostean.
Gainera, etxeratze-agindua hiru ordutan murriztuko dutela iragarri du gaur Egiptoko Armadak. Iragan ostiralean ezarri zuten etxeratze-agindua, Mubaraken erregimenaren kontrako protesta bortitzak zirela eta. Protestak hasi zirenetik dozenaka hildako eta 1.500 zauritu baino gehiago izan dira.
Hala ere, Egiptoko agintariek hartutako neurriek ez dute iraultza demokratikoa geldiarazi. Besteak beste, Internet konexioa eten zuten, baina gaur berrezarri dute.
Kazetarien aurkako erasoa
AEBetako CNN telebistako kazetari talde bati eraso egin diote presidentearen jarraitzaileek Kairon, CNNko berriemaileek Twitterren bidez jakinarazi dutenez.
El Baradei
Gobernua "kikiltzeko taktikak" erabiltzen ari dela salatu du Mohamed El Baradei oposizioko kideak, eta gaurko liskarren atzean presidentearen "gorilak" daudela erantsi du. Tahrir plazako istiluek Hosni Mubaraken erregimenaren izaera "kriminala" argi uzten dute, El Baradeiren esanetan.
Istiluetan "sarraski bat" gertatzeko arriskua dagoela ohartarazi du oposizioko buruzagiak. Horregatik, neutraltasuna abandonatzeko eskatu dio Armadari El Baradeik, eta egiptoarrak babesteko esku har dezan eskatu dio.
EB
Bestalde, "herriaren borondateari" erantzuteko eta aldaketak "ahalik eta azkarren" egiteko eskatu dio Mubaraki Catherine Ashton EBko Atzerri Politika arduradunak.
Baina AEBen eta Europako zenbait herrialdeen aholkuak arbuiatu ditu Egiptoko Atzerri Ministerioak, eta trantsizio politiko bat orain hasteari uko egin dio. Beste estatu batzuek Egiptoko egoerari buruz iritzi ematea "deitoragarria" dela adierazi du Ministerioak, eta "euren arazoetaz arduratzeko" eskatu die.