Mundua -
Protesta
150.000 alemaniar bildu dira Berlinen, arrazakeriaren aurkako manifestazio batean
Manifestazioan parte hartu duten pertsona askok kartelak eta puxikak eraman dituzte aldean. "Musulmanen kontrako gorrotoari ez" edota "arrazakeria ez da aukera bat" bezalako mezuak irakur zitezkeen.
Agentziak | Erredakzioa
Milaka lagun kalera atera dira larunbat honetan Berlinen (Alemania), arrazakeriaren eta ultraeskuinaren aurka egin duten manifestazio jendetsu batean. Alternatiba Alemaniarentzat (AfD) eskuin muturreko alderdiaren gorakadaren aurrean, alemaniarrak solidarioak direla oihukatu dute 150.000 pertsona inguruk.
"Gizarte ireki eta aske baten alde: solidaritatea bazterketaren aurrean" lelopean, asko izan dira protestan parte hartu duten alemaniarrak. Unteilbar (zatiezina) aliantzak deituta, iragarrita zegoena baino ordubete beranduago hasi dute ibilbidea. Alexanderplatz plazatik hasita, Leipziger Strasse kalea zeharkatu dute, Potsdamerplatz plazarako bidean, eta Brandeburgoko atera zuzendu dira. Jarraian, Garaipenaren Zutabean bat egin dute eta Tiergaten parkean eman diote amaiera manifestazioari.
"Oso pozik gaude herritarrek emandako erantzunarekin", esan du Felix Muller Unteilbar ekimeneko kideak. "Honek adierazten du pertsona askok arrazakeriaren kontra eta elkartasunaren alde mezu argia zabaldu nahi dutela", gaineratu du.
Manifestazioan parte hartu duten pertsona askok pankartak, kartelak eta puxikak eraman dituzte aldean. Besteak beste, "musulmanen kontrako gorrotoari ez" edota "arrazakeria ez da aukera bat" bezalako mezuak irakur zitezkeen. "Elkartasuna eskuineko muturreko, arrazakeriaren eta antisemitismoaren biktimekin", zioen manifestazioaren pankarta nagusiak.
Arrazakeria eta migratzaileak ardatz harturik, asko izan dira mobilizazioarekin bat egin duten elkarte, alderdi politiko eta pertsonai publikoak. Jan Boehmermann telebista aurkezlea eta Die Aerzte musika taldea bertan izan dira, besteak beste. Protestan zehar ultraeskuindarren jazarpena edota murrizketa sozialak ere salatu dituzte.
Alexander Gauland eskuin muturreko alderdiaren hautagaiak ziurtatu duenez, naziak ez dira alderdi horretako kideak. Baviera Alemaniako eskualde kontserbadoreenetako bat izanik, bere alderdiak ordezkariren bat lortu dezake bertako parlamentuan lehen aldiz bere sorreratik.
Hauteskundeen aurretik egindako galdeketen arabera, baliteke Batasun Sozial Kristauak (CSU) beherakada nabarmena izatea igande honetako hauteskundeetan. Hala, baliteke Angela Merkel Alemaniako presidenteak zuzentzen duen koalizioak gaur egun duen gehiengoa galtzea, ultraeskuinaren igoera dela eta.