Mundua -
Sana
Yemengo presidentearen aurka protesta egin dute 20.000 bat lagunek
Ustelkeriaren kontrako esloganak oihukatu dituzte manifestariek eta iraultzara deitu dute. Oposizioa ez da Ali Abdala Saleh presidentearen diskurtsoaz fidatzen.
Erredakzioa
Gutxienez 20.000 manifestarik protesta egin dute gaur Ali Abdala Saleh Yemengo presidentearen aurka Sanako Unibertsitatearen aurrean. Manifestaldi baketsua izan da.
Ustelkeriaren kontrako esloganak oihukatu dituzte manifestariek eta iraultzara deitu dute, "Amorruaren eguneko" hasieran.
Oposizioa ez da presidentearen atzoko diskurtsoaz fidatzen. Presidenteen agintaldiak ez mugatzeko Konstituzioan egin beharreko erreformak bertan behera uzteko konpromisoa hartu zuen Salehk.
Gobernuko alderdiaren erreakzioa
Bestalde, Gobernuko alderdiak milaka jarraitzaile bidali ditu Tahrir (Askatasuna) plazara, hiriburuko erdialdean, presidentearen eta Exekutiboaren alde egiteko beste manifestaldi batean. Istilurik gabe bukatu da aldarrikapena.
Adenen, hiriburutik 350 kilometrora, lagun bat zauritu da Polizia protesta bat desegiten saiatu denean, hiriko erdialdean. Milaka manifestari bildu ditu protesta horrek, oposizioko iturriek jakinarazi dutenez.
Era berean, milaka lagunek protesta baketsua egin dute Taizen (hegoaldea), eta baita Radafanen eta Dalean ere.