Mundua -

Iraultza demokratikoa

Mubarakek botereari eusten dio herriaren eskaerari muzin eginda

-Israelen gasbidea itxi dute eraso bategatik.

-11 hildako eta 5.000 zauritu asteazkenetik.

-Koalizioa gobernua eratzea eta "hauteskunde askeak" proposatu ditu El Baradeik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hosni Mubarak presidentearen erregimenaren aurkako hamabigarren protesta eguna da gaurkoa Egipton. Mubarakek bere karguari eusten dio atzoko manifestazio jendetsuari muzin eginda.

2.500-3.000 lagunek gaua eman dute protesten gunea den Tahrir plazan eta ez dute bete 19:00etatik 06:00era indarrean dagoen etxeratze-agindua.

Mubaraken aurkakoen arabera, milioi bat pertsonatik gora parte hartu zuten atzoko "kanporaketaren egunean"&' || 'nbsp;Kairon.

Erabaki "zuzena" hartzeko eskatu dio Barack Obama AEBetako presidenteak Hosni Mubaraki, eta "antzinako formulek ez dutela balio" ohartarazi dio. Dena den, ez dio esplizituki kargua uzteko eskatu.

Obamak, halaber, hauteskunde "garbiak eta inpartzialak" deitzeko eskatu dio Egiptoko presidenteari, eta bere jokabidea demokratikotzat jo daitekeen galdetu dio.

Atentatua, Israelgo gasbidean

Egiptoko Armadak Sinaiko iparraldeko gasbideari oinarrizko hornidura iturria itxi behar izan dio gaur goizean. Horrela, bonba baten leherketa eragindako sutea kontrolatu ahal izateko, iturri ofizialek jakinarazi dutenez.

Atentatua El Arishko herrian izan da, Hosni Mubarak presidentearen kontrako hainbat protesta egiten diren lekuan. Atzo, esaterako, Egiptoko Estatuaren Segurtasun departamentuko bulegoei eraso egin zieten, morteroak erabilita.

11 hildako eta 5.000 zauritu

Hosni Mubarak Egiptoko presidentearen aldekoen eta kontrakoen arteko liskarrak izan dira asteazkenetik, eta 11 hildako eragin dituzte, Ahmed Sameh Farid Osasun ministroak adierazi duenez.

Osasun ministroak jakinarazi duenez, 5.000 zauritu eragin dira presidentearen kontrako manifestazioak hasi zirenetik, urtarrilaren 25etik, alegia.

El Baradeik dimisioa eskatu du

Mohamed El Baradei oposizioko buru nagusiaren esanetan, Hosni Mubarakek "legitimitatea galdu" du, eta horregatik, herriaren iritzia kontuan hartzeko eta "duintasunez" alde egiteko aholkua eman dio.

Bakearen Nobel sariak egindako proposamenaren arabera, agintaria bere kargutik kentzean, koalizioko gobernu bat osatu beharko litzateke, "hauteskunde askeak" deitzeko helburuarekin. Era berean, estatua Anaia Musulmandarren esku geratuz gero, "teokrazia" batean bilakatu litzatekeela ezeztatu du.

AEBak negoziatzen, Mubarakek berehala dimititzeko

Bestalde, AEBetako eta Egiptoko funtzionarioak negoziatzen ari dira Hosni Mubarak presidenteak berehala dimititu dezan, The New York Times egunkariak jakinarazi duenez.

Aipatu iturrien arabera, planak Egiptoko Armadaren oniritzia du, eta ondorioz Omar Suleiman presidenteordeak hartuko luke agintea, trantsizio Gobernua osatzeko.

Mubarakek, baina, aitzakiak jartzen jarraitzen du boteretik alde ez egiteko. Azken aldia bart bertan izan da, ABC telebista-katean eskainitako elkarrizketa batean.

Antza demez, Suleimanek Konstituzioa erreformatzeko prozesua abiatuko du berehala, eta oposizioko alderdiak deituko ditu.

Helburua sistema zabaltzea da, irailean hauteskunde askeak egiteko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea