Mundua -

Iraultza demokratikoa

Mubaraken alderdi politikoaren zuzendaritza osoak kargua utzi du

- Mubararek ez du alderdiaren presidente kargua utzi, telebista kate batek hori esan arren.

- AEB Mubarakek ez dimititzearen alde agertu da orain.

- 11 hildako eta 5.000 zauritu asteazkenetik.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Nazional Demokratikoaren (PND) zuzendaritza osoak dimisioa aurkeztu du, Gamal Mubarak presidentearen semea barne. Al Yazira telebista kateak hasiera batean zabaldutako informazioaren arabera, Hosni Mubarak Egiptoko presidenteak ere alderdiko presidentetza utzi du, baina ordu batzuk beranduago informazio hori ezeztatu egin dute.

Alderdiko idazkari nagusi berria Hosan Badrawi izango da, alderdiko sektore "liberaleko" kidea. Badrawik Safwat El Sherifen lekua beteko du. Sherif Mubaraken kolaboratzaile nagusienetarikoa da.

AEB, Mubarakek ez dimititzearen alde

Frank Eisner Barack Obama AEBetako presidenteak Egiptorea bidalitako bitartekari bereziak Hosni Mubarak presidente izaten jarraitzea defendatu du. Bere ustez, Mubarekek berak hartu behar du sistema politikoan aldaketak sartzeko ardura.

"Herrialde osoan adostasun bat Portu behar da, hurrengo pausua zein izan behar den erabakitzeko. Presidenteak karguan jarraitu behar du aldaketak horiek egiten hasteko", azaldu du Eisnerrek.

"Salba ezazue herrialdean geratzen dena"

Tahrir plazan bildutako jendetzak Hasab Alñ Rawini komandantea isilarazi du honek megafono bat hartu eta "Egiptoren apurrak" salba ditzatela eskatu dienean.

Al Rawinik manifestariek askatasunez protestatzeko duten eskubidea defendatu du baina, hala ere, protesta horien bizitasuna murrizteko eskatu die.

"Zuen iritzia emateko eskubide osoa daukazue baina, mesedez, salba itzazue geratzen diren apurrak. Begira ezazue zuen ingurua", esan die Al Rawinik.

Jendetzeak Hosni Mubaraken dimisioaren aldeko oihuekin erantzun diote, eta generala podiotik jaitsi egin behar izan du: "Ez dut oihu hauen aurrean hitz egiten jarraitzeko asmorik", esan du.

Hamabigarren protesta eguna

Hosni Mubarak presidentearen erregimenaren aurkako hamabigarren protesta eguna da gaurkoa Egipton. Mubarakek bere karguari eusten dio atzoko manifestazio jendetsuari muzin eginda.

2.500-3.000 lagunek gaua eman dute protesten gunea den Tahrir plazan eta ez dute bete 19:00etatik 06:00era indarrean dagoen etxeratze-agindua.

Mubaraken aurkakoen arabera, milioi bat pertsonatik gora parte hartu zuten atzoko "kanporaketaren egunean" Kairon.

Atentatua, Israelgo gasbidean

Egiptoko Armadak Sinaiko iparraldeko gasbideari oinarrizko hornidura iturria itxi behar izan dio gaur goizean. Horrela, bonba baten leherketa eragindako sutea kontrolatu ahal izateko, iturri ofizialek jakinarazi dutenez.

Atentatua El Arishko herrian izan da, Hosni Mubarak presidentearen kontrako hainbat protesta egiten diren lekuan. Atzo, esaterako, Egiptoko Estatuaren Segurtasun departamentuko bulegoei eraso egin zieten, morteroak erabilita.

11 hildako eta 5.000 zauritu

Hosni Mubarak Egiptoko presidentearen aldekoen eta kontrakoen arteko liskarrak izan dira asteazkenetik, eta 11 hildako eragin dituzte, Ahmed Sameh Farid Osasun ministroak adierazi duenez.

Osasun ministroak jakinarazi duenez, 5.000 zauritu eragin dira presidentearen kontrako manifestazioak hasi zirenetik, urtarrilaren 25etik, alegia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea