Mundua -
Interneten zabaldutako bideoa
Moskuko atentatua bere gain hartu du Txetxeniako islamisten liderrak
Doku Umarov da atentatua bere gain hartu duen gizonezkoa. Domodedovoko aireportuan lehergailua zartarazi zuen suizidak bere agindupean zegoela adierazi du.
Erredakzioa
Doku Umarovek, Txetxeniako gerrilla islamistako liderrak, bere gain hartu du urtarrilaren 24an, Moskuko Domodedovo aireportuan izandako atentatua. 36 pertsona hil ziren eta 200 zauritu. Umarovek, Interneten zabaldutako bideo batean adierazi du, lehergailua zartarazi zuen suizida bere agindupean zegoela eta Errusiaren aurka atentatu gehiago egiteko mehatxua egin du.
Errusiako zerbitzu sekretuetako iturri batek Interfax agentziari esan dionez, Umaroven adierazpenak "espero" zituzten, "komunikabideetan etengabe gogoratzeko beharra duelako". Ikerketarekin jarraitzen dutela adierazi dute eta "atentatu terroristaren arduraduna" aurkituko dutela gaineratu du.