Mundua -
Buenos Airesen
Bi nerabe hiltzea egotzita 15 polizia atxilotu dituzte Argentinan
Tren bat errailetik irten eta Jose Leon Suarez udalerrian jazo ziren istiluetan hil ziren bi nerabeak. Trena lapurtzen saiatu ziren gaizkileen eta poliziaren artean izan ziren liskarrak.
Erredakzioa
Polizia-etxe batean esku hartu du Buenos Aires probintziako Gobernuak eta 15 polizia atxilotu ditu. 16 urteko bi neraberen heriotza ikertzen ari da Buenos Aireseko Exekutiboa. Txabola auzo bateko bizilagunak tren batean lapurreta egiten saiatu ziren eta Poliziarekin istiluak izan zituzten. Bi gazteak liskar horietan hil ziren.
Tren bat errailetik irten eta Jose Leon Suarez udalerrian jazo ziren istiluetan hil ziren bi nerabeak iragan ostegunean. Trena lapurtzen saiatu ziren gaizkileen eta poliziaren artean izan ziren liskarrak.
Poliziaren eskopetekin egindako tiroak zituzten biktimen gorpuek, autopsiak argi utzi duenez. Antza denez, tiroak distantzia laburretik egin zituzten poliziek, iturri judizialek jakinarazi dutenez.
Poliziaren jokaera
50 bat lekuko galdekatu zituen Marcelo Sendot fiskalak, Poliziak nola ekin zuen argitu nahian. Era berean, trena trenbidearen egoera txarragatik edo gaizkileen ekintzagatik errailetik atera ote zen argitu nahi du fiskalak.
Jose Leon Suarezeko polizia-etxeko polizien errepresioa kritikatu zuen lekukoen gehiengoak, baina Buenos Aires inguruko auzo hori kontrolatzen duen bandaren jokaera ere salatu zuten.