Mundua -

Hegazkin istripua

Javako itsasora eroritako hegazkinaren kutxa beltzen bila jarraitzen dute Indonesian

Tokiko agintariek baieztatu duenez, hegazkin horretan zihoan haurtxo baten gorpua erreskatatu dute. Azken orduotan hainbat gorpuzki atera dituzte uretatik, eta 34 poltsatan sartu dituzte.

Indonesiako itsas salbamenduko ehun kidetik gora ari dira lanean. Argazkia: EFE
Indonesiako itsas salbamenduko ehun kidetik gora ari dira lanean. Argazkia: EFE
Indonesiako itsas salbamenduko ehun kidetik gora ari dira lanean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehenean Javako itsasora erori zen Lion Air konpainiako hegazkinaren kutxa beltzak bilatzen jarraitzen du Indonesiako bilaketa eta erreskate taldeak. Hegazkin horretan 189 pertsona zihoazen eta, horietatik, zortzi, hegazkin konpainiako langileak ziren.

Budi Karya Indonesiako Garraio ministroak ziurtatu duenez, istripua izan zuen hegazkinak indarrean zituen ziurtagiri guztiak. Halaber, airatu aurretik derrigorrez egin beharreko proba guztiak arazorik gabe gainditu zituela esan du.

Indonesiako itsas salbamenduko ehun kidetik gora ari dira lanean, Tanjun Karawango lurmuturretik 5 itsas milia ekialdera. Astearte honetan, ur azpiko lanetan aritu diren pertsonak, hegazkina ustez erori zen tokitik 18,5 kilometro inguruko zabaleran egin dituzte kutxa beltzen bilaketak, 30 eta 60 metro arteko sakoneran.

Bilaketa eremua zabalduko dugu bihar”, esan du Indonesiako Garraio ministroak, hegazkinaren zati handienak oraindik topatu ez dituztela aitortu ostean.

Tokiko agintariek baieztatu duenez, hegazkin horretan zihoan haurtxo baten gorpua erreskatatu dute. Azken orduotan hainbat gorpuzki atera dituzte uretatik, eta 34 poltsatan sartu dituzte.

Indonesiako Garraio ministroak jakinarazi duenez, hegaldi horretan soilik bi atzerritar zeuden: italiar bat eta indiar bat.

Hegazkin istripua Indonesian. efe

Hegazkin istripua Indonesian. efe

Hegazkin guztiak berrikustea agindu dute

Lion Air eta Garuda konpainietako Boeing 737 motako hegazkin guztiak berrikustea agindu du Budi Karya Indonesiako Garraio ministroak astearte honetan.

“Ohar bat bidali genien atzo Lion Air eta Garuda konpainietako arduradunei, dagokien berrikuspenak egin ditzaten. Istripua zerk eragin zuen aztertzen ari diren ikertzaileei  bidaliko dizkiegu proba horien emaitzak, lagungarri izan daitekeelakoan”, ziurtatu du Indonesiako Garraio ministroak.

Boeing 737 motako hegazkina aireratu eta 13 minutura desagertu zen radarretatik. Pangkal Pinang hiria zuen helmuga. Itsasora erori aurretik, pilotuak Jakarta hiriburura itzultzeko baimena eskatu zuen, baina ez zuen larrialdiko mezurik igorri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Hegazkin istripuak gaur Albisteak Gaur Albisteak Indonesia