Mundua -
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
Hudson ibaian agertu diren bi ahizpa saudiarabiarren heriotza ikertzen ari dira
Abuztutik ez zuten Rotana Farea (22 urte) eta Tala Farea (16 urte) ahizpen berririk. Zinta isolatzailearekin elkarri lotuta aurkitu dituzte.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ameriketako Estatu Batuetan, aurreko astean Hudson ibaian hilda agertu ziren Saudi Arabiako bi ahizparen heriotza ikertzen ari da New Yorkeko Polizia. Rotana eta Tala Farea (22 eta 16 urte, hurrenez hurren) abuztutik falta ziren Virginia estatuko beren etxetik, eta gorpuak New Yorkeko uretan agertu ziren, 400 kilometrora, zinta isolatzailearekin gerritik eta orkatiletatik lotuta.
Uretara erori zirenean bizirik zeuden, pertsona anonimo batek CNN telebista kateari jakinarazi dionez. Ofizial batek hedabide horri berari azaldutakoaren arabera, ura topatu diete biriketan, eta, ondorioz, uretara sartu zirenean arnasa hartzen ari zirela esan nahiko luke horrek. Hori guztia dela eta, gazteek beren buruaz beste egin zutela uste dute ikertzaileek.
Dena dela, forentseek ez dute oraindik heriotzen zergatia zehaztu.
Hildako gazteen amak Poliziari adierazi dionez, gorpuak agertu baino egun bat lehenago dei bat jaso zuen Saudi Arabiako kontsulatutik, alabek sorterrira itzuli behar zutela esanez. Izan ere, bi ahizpek asilo politikoa eskatu zuten AEBn.
Rotana eta Tala Farea 2015ean iritsi ziren AEBra, amarekin batera, eta Virginia estatuan bizi ziren.