Mundua -
Iraultza demokratikoa Egipton
Armadak ez du Mubarak bota eta haren trantsizio plana babestu du
- Ehunka mila pertsonak protesta egiten jarraitzen dute.
- Protestak hiru lekutan egiten ari dira batik bat: Tahrir plazan, Presidentearen Jauregian eta telebista publikoaren egoitzan.
Erredakzioa
Kolpe latza Egiptoko iraultza demokratikoarentzat.
Armadak iragarri du babestu egiten duela Hosni Mubarak diktadorearen plana, hau da, iraila arte karguan jarraitzea, botereak Suleiman presidenteordearen esku utzita. Horrenbestez, soldaduek ez dute agintaria kanporatuko.
Orain, baliteke protestak gordintzea, manifestariek Mubarak berehala kanporatu nahi baitute.
Une honetan, milaka manifestari dago Presidentearen Jauregiaren eta hedabide publikoen egoitzen aurrean, presidentea eroriarazteko.
Atzo arratsaldean Mubarakek dimitituko zuen zurrumurrua bazegoen ere, azkenean eutsi egin dio karguan iraila arte jarraitzeko eta trantsizio prozesua gidatzeko asmoari.
Bere planaren arabera, hauteskunde "askeak eta bidezkoak" egingo dituzte urte amaieran, baina manifestariek berehala joateko exijitzen diote.
Kairo, Alejandria, Suez.... Hamaika protesta Egipto osoan
Bien bitartean, Tahrir plazan, hamarka mila pertsonak otoitz hunkigarri batean parte hartu dute, ondoren protestekin jarraitzeko.
Otoitza hasi baino lehen, manifestariak isilik egon dira, aldarririk oihukatu barik.
Imanak adierazi du protestetan "ustekabeko lorpenak" lortu dituztela, eta "eusteko" dei egin die manifestariei.
Otoitza bukatutakoan, manifestariek "Mubarak kanpora!" oihukatu dute, eta milaka beste bi puntutara abiatu dira: Presidentearen Jauregira eta irrati-telebista publikoaren egoitzara, Mikel Ayestara EITBk Egipton duen berriemaile bereziak azaldu duenez.
Dena dela, protestak herrialde osoan zabaltzen ari dira, hala nola Alejandrian (100.000 pertsona Presidentearen Jauregiaren aurrean daude, Al Jazeeraren arabera), Suezen (manifestariek egoitza ofizial batzuk indarrez hartu dituzte), Mahalan, Tantan eta Ismailian.
Beste agiri bat Armadaren partetik
Bestalde, Talat Musalam Armadako jeneral erretiratuak aurreratu du soldaduek beste agiri bat publikatuko dutela "aurki", eta "herritarren eskakizunak" bete egingo dituela. Armadak azken egunetan egindako hirugarren adierazpena izango litzateke.
"Espero dut hirugarren agiriak herritarren eskakizunak betetzea", gaineratu du, Al Jazeerak zabaldutako adierazpen batzuetan.