Mundua -
Iraultza demokratikoa
Nazioarteko akordioak errespetatuko dituela esan du Egiptoko Armadak
- Behin-behineko Gobernua Armadaren eskuetan dago.
-Aurreko Gobernuko kideek ezin dute Egiptotik atera baimen berezi bat gabe.
- Manifestariek Tahrir plaza uztea erabaki dute.
Erredakzioa
Egiptoko gobernu militarrak nazioarteko eta lurraldeko akordio guztiak errespetatuko dituela berretsi du. Egipto eta Jordania dira Israelekin bake akordioak izenpetu dituzten herrialde bakarrak.
"Egiptoko Errepublika Arabiarrak konpromiso sendoa du nazioarteko zein lurraldeen arteko itun eta betebeharrekin", adierazi du Armadako buruzagi batek telebistaz zabaldutako mezu batean. Egiptok izenpetutako akordioen artean Israelekin 1979an sinatutako bake akordioa dago.
Gainera, Exekutibo berriak "herrialdeko gai guztiak kudeatuko dituela" iragarri du "Gobernu berri bat antolatu arte".
Armadak "boterea era baketsuan eskualdatzea" nahi duela azpimarratu du, "sistema demokratiko era libre batean". "Boterea aginte zibil batek hartu behar du estatu demokratiko eta librea eraikitzeko", gaineratu du bozeramaileak.
Ministro bat, etxe barruko atzipenaldian
Anas el Fekky Egiptoko Informazio ministria etxe barruko atzipenaldian da, Armadako iturriek jakitera eman dutenaren arabera. Hala ere, ez dute atzipenaldiaren arrazoirik argitu.
El Fekky Hosni Mubarak presidente ohiarengandik gertuen zegoen ministroetako bat zen.
Gainera, Kairoko aireportuko segurtasuan zerbitzuek iragarri dutenez, aurreko Gobernuko ministro, kargu politiko eta enpresarioek ezin izango dute Egiptoti atera Fiskaltzaren edo Armadaren baimenik gabe.
Iragan urtarrilaren 25ean protestak hasi zirenetik, Manifestariek Mubaraken Gobernuko kide eta enpresariak ustelkeriagatik epaitzea eskatu dute.
Manifestariek protesta bertan behera utziko dute
Iragan urtarrilaren 25etik Tahrir plazan dauden manifestariek plaza uztea erabaki dute. Hala ere, ostiralero bertan bilduko dira, Sky News telebista kateak jakitera eman duenez.
Informazio horien arabera, manifestariek gaur gauean uztuko dute Kairoko Tahrir plaza.
Nazioartearen erreakzioa
Mubaraken dimisioarekin "Egiptoko herriaren ahotsa entzun" dela ziurtatu du Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak. Trantsizioa "baketsua eta antolatua" izatea eskatu du NBEko ordezkariak.
Mubaraken dimisioa "ez da trantsizioaren amaiera, hasiera baizik", Barack Obama AEBetako presidentearen ahotan. Egipto "herrialde berdina izatera itzuliko ez" dela adierazi du Obamak.
Demokraziara trantsizio demokratiko azkarrago bat erraztuko du Mubaraken erabakiak, Trinidad Jimenez Atzerri ministroaren esanetan, eta Egiptoko herriaren "eskakizun legitimoak" beteko ditu.