Mundua -

Iraultza demokratikoa Egipton

Manifestaldiak amaitzea eskatu du Egiptoko Armadak

Bestalde, Armadak Tahrir plaza hustea agindu du. Plazan geratzen direnei, gainera, alde egiteko agindu die Armadak, hala egin ezean atxilotu egingo dituztela ohartarazita.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kairon eta beste hirietan diren manifestaldiak eta protestak amaitzea eskatu du gaur Egiptoko batzorde militarrak. Armada herrialdea gobernatzen ari da eta protestek segurtasunari eta ekonomiari eragiten dietela uste du.

Armadako Batzorde Gorenak komunikatu berria igorri du telebista publikoan, Hosni Mubarak presidentea boteretik kendu zutenetik laugarrena.

Manifestaldiek segurtasunari eta produkzioari negatiboki eragiten diete, eta "arduragabeek ekintza ez-legitimoak aurrera eramateko" giroa sortzen dute, Armadaren hitzetan.

Tahrir plaza

Kairoko Tahrir plaza, Hosni Mubaraken diktadura eroriarazi duen iraultza demokratikoaren ikurra, normaltzen hasi da Armadak Parlamentua desegin eta sei hilabeteko trantsizio prozesua iragarri eta gero, Mikel Ayestaran EITBk Egipton duen berriemaile bereziak jakinarazi duenez.

Manifestari gehienak etxera itzuli dira, eta plaza zabalik dago ibilgailuentzat.

Halaber, Polizia Militarrak eta Armadak segurtasun eremua ezarri du, eta han oraindik dauden hamarka pertsonei alde egiteko dei egin die. Hala egin ezean, atxilotu egingo dituztela ohartarazi dute.

"Plazatik joateko ordubeteko epea eman digute, bestela atxilotu egingo baikaituzte", adierazi dio manifestarietako batek Reuters agentziari.

"Polizia Militarrak inguratuta gaude, ez dakigu zer egin eta egoera aztertzen ari gara, ordu erdi baino ez zaigu geratzen", gaineratu du.

Mubarak, koman?

Bien bitartean, zurrumurru ugari dago Mubaraken egoeraren inguruan.

Al Masry Al Youm egunkari egiptoarrak jakinarazi duenez, baliteke presidente ohia koman egotea.

Informazio horien arabera, Sharm al Sheikh bainuetxean artatzen ari dira, eta oraingoz ez dago argi ospitalera eramango duten.

Antza denez, Mubarakek konortea galdu zuen, bitan gainera, osteguneko hitzaldia grabatzen ari zela. Ondoren, Kairotik alde egin zuen, bainuetxera bidean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea