Mundua -

Ekialde hurbila

Palestinako Gobernuak dimititu egin du

Palestinar Aginte Nazionaleko presidenteak, Mahmud Abbasek, fakzio politiko desberdinetako ordezkariak bilduko dituen Gobernua eratzeko eskatu dio Salam Fayyad lehen ministroari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Palestinako Gobernuak dimisioa aurkeztu du goizean Ramalan izandako ezohiko bilkura batean.

Iturri ofizialen arabera, Salam Fayyad lehen ministroak Gobernu berria eratu beharko du Mahmud Abbas Aginte Nazionaleko presidenteak eskatuta.

"Gobernuak dimititu egin du eta ahalik eta azkarren eratuko da Exekutibo berria” adierazi dio Reutersi Ali Jarwai Antolakuntza ministroak. Palestinako Gobernuko iturrien arabera, Mahmud Abbasek talde berria eratzeko eskatuko dio Fayyad lehen ministroari.

Fayyad eta Al Fatako beste ordezkari batzuk aspalditik ari ziren Gobernualdaketa eskatzen. Dimisioa, hain justu, arabiar munduan mobilizazioak sortu diren garaian gertatu da.

Dimititu berri duen Gobernuko 24 postutik 16 bakarrik zeuden beteta, izan ere, bi ministrok kargua aurretik utzi zuten eta beste sei Hamas talde islamiarrak agintzen duen gunean, Gazan, isolatuta daude.

Palestinako Aginte Nazionalak Zisjordanian bakarrik agintzen du 2007az geroztik, Hamasen milizien aurrean kontrola galdu eta gero. Larunbatean iragarri zuen Palestinako Aginte Nazionalak parlamenturako eta presidentziarako hauteskundeak deitzeko asmoa. Hamasek aurreratu du ez duela prozesuan parte hartuko eta emaitzak ez dituela onartuko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea