Mundua -
Ministroen bilera Bruselan
Europar Batasuna iraultza arrabiarrei zer erantzun aztertzen dabil
Dokumentua astelehenean onartuko dute; momentuz behin-behineko zirriborro batekin lanean daude. Zirriborro horretan, Europar Batasunak begi onez ikusten ditu Tunisiako eta Egiptoko trantsizioak.
Erredakzioa
Europar Batasuneko (EB) Kanpo Arazoetako ministroak Bruselan dira Tunisia, Egipto eta inguruko herrialdeetako iraultzei zein erantzun eman aztertzeko. Gainera, prozesu demokratiko horiei nola lagundu erabaki nahian dabiltza.
Catherine Ashton Ordezkari Nagusiak egindako gonbidapenari erantzunez, ministroak afaltzeko bildu dira arabiar herrien egoera aztertzeko helburuarekin, izan ere, Tunisian eta Egipton hasitako iraultzak Libia, Yemen, Maroko eta Bahrein bezalako herrietara zabaltzen ari dira.
Eztabaida astelehenean jarraituko dute, Ministro Kontseiluaren ohiko bileran, eta ateratako ondoriak biltzen dituen dokumentua izenpetuko dute.
Zirriborro "oso orokorra"
Iturri diplomatikoen arabera, oraim aztertzen ari diren zirriborroa "oso orokorra" da. Bertan, Tunisiako eta Egiptoko herritarrek bultzatutako trantsizio demokratikoak begi onez ikusten dira. Hala ere, ondorio hori ministroen ekarpenekin osatuko dute sinatu baino lehen.
Ashton Tunisia eta inguruko hainbat herrialdetan izan zen iragan astean eta hurrengoan Egipto bisitatuko du. Bere asmoa, ministroei idatzi bat aurkeztea da, Europak Mediterraneo inguruko herrialdeetako demokratizazioari emango dion babesa zehazteko.