Mundua -

Argentina

G20ko buruzagiak Buenos Airesen dira goi-bilera hasteko

G20ko agintarien argazki ofizialean, Mohamed bin Salman Saudi Arabiako printzea albo batean jarri dute. Alabaina, Putinek berotasunez agurtu du eta irudiak zeresana eman du.

Vladimir Putin eta Mohamed bin Salman Saudi Arabiako printzea. Argazkia: EFE
Vladimir Putin eta Mohamed bin Salman Saudi Arabiako printzea.
Vladimir Putin eta Mohamed bin Salman Saudi Arabiako printzea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

G20ko herrialdeen buruzagiak, Estatu gonbidatuen agintariak eta nazioarteko erakundeetako ordezkariak Buenos Aireseko Costa Salguero biltzar-jauregian dira jada, ostiral eta larunbat honetan urteko goi-bilera egiteko.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea; Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua (azkena herrialde gonbidatu gisa) biltzar-zentrora, Palermoko auzora,  izan dira aurrenak bertara heltzen, baita Mauricio Macri Argentinako estatuburua ere.

G20ko agintarien argazki ofizialean, Mohamed bin Salman Saudi Arabiako printzea albo batean jarri dute, bere inguruan zenbait hutsune utzita.

Jamal Khashoggi kazetari disidentearen hilketa gertatu zenetik, nazioarteko estatuburu askok gogor kritikatu dute Saudi Arabiako printzea, hilketaren erantzuletzat jotzen baitute.

Gauzak horrela, Luis Alberto Moreno Amerikako Garapen Bankuko presidentearen eta Paul Kagame Ruandako presidentearen ondoan kokatu dute. Argazkia atera eta berehala, agertokitik joan da inor agurtu gabe eta inorekin hitz egin gabe.

Argazki ofizialean baztertu egin badute ere, Bin Salmanek solasaldi laburrak izan ditu zenbait agintarirekin goi-bilerara iritsi denean. Vladimir Putin Errusiako presidenteak, esaterako, berotasunez agurtu du eta irudia laster zabaldu da komunikabideetan.

G20 goi-bilera Buenos Aires Argentina

(G20ko agintarien argazki ofiziala. Argazkia: EFE)

Protestak eta segurtasun neurriak

Bestalde, manifestari taldeak Buenos Aireseko erdialdean bildu dira ostiral honetan, goi-bileraren aurka protesta egiteko. 20.000 agente baino gehiagok osatzen dute segurtasun dispositiboa.

Mauricio Macriren Gobernuak sei zerbitzu ezberdineko 22.000 agente zabaldu ditu kaleetan, eta istiluak saihesteko jaieguna ezarri du. Segurtasun dispositiboa ikaragarria da hiriburuan, eta kale gehienak ia hutsik daude.

Colon antzokitik gertu pasatzen den etorbidean mobilizazioa egiteko baimena eman du Exekutiboak. Munduko buruzagiek ekitaldia dute bertan, gauean, baina zonaldea publikoarentzako guztiz itxita dago.

“G20 subiranotasun galera, menpekotasuna eta korporazio handien azpiratzea da”, G20 FMI Kanpora herri mugimenduak txio batean salatu duenez. “Kanpo zorra ez ordaintzearen alde” eta “Murrizketarik, menpekotasunik eta errepresiorik ez” lelopean protesta deitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Vladímir Putin Eguneko albisteak Argentina Saudi Arabia Eguneko albisteak