Mundua -
Mafia siziliarra
Cosa Nostrako buru berria atxilotu dute, beste 45 pertsonarekin batera
80 urteko Settiminio Mineok elkarte mafiosoaren ardura hartu zuen Toto Riina hil zenean.
Agentziak | Erredakzioa
Palermoko (Sizilia) karabineroek 46 pertsona atxilotu dituzte elkarte mafiosoko kide izatea egotzita. Atxilotuetakoen artean Settimino Mineo Cosa Nostrako buruzagi berria omen dena ere atxiki dute. Poliziaren arabera, Toto Riina hil zenetik Mineok zuen erakundearen kontrola.
Karabineroek ohar batean jakinarazi dutenez, 'Cupola 2.0' operazioaren baitan atxilotu dute Mineo eta beste 45 lagunak. Goizean prentsaurrekoa eskainiko dute operazioaren xehetasun gehiago emateko.
Ikerketako iturrien arabera, 80 urteko Settimino Mineo Pagliarelli barrutiaren (Cosa Nostrako barruti bat) burua ere bada, eta Palermo erdialdean bitxi-denda bat du.
Toto Riina hil zenean, 2017ko azaroan, Mineo izendatu omen zuten "buruzagien buru". Aurretik ere atxilotua izan da Mineo; are, kartzelan ere egon da. 1980ko hamarkadan, bost urteko kartzela zigorra ezarri zion Giovanni Falcone epaileak Cosa Nostraren kontrako Maxi-prozesuan. Handik urte batzuetara, berriro atxilotu zuten eta 11 urteko beste zigor bat bete zuen.
Atxilotutakoei elkarte mafiosoko kide izatea, estortsioa, ondasun edukitza faltsua, armak legez kanpo izatea leporatu diete.