Mundua -
Hilaren 1ean atxilotuta
Huaweiren exekutiboa estraditatzea eskatu dio AEBk Kanadari
Txinako enpresaren finantza-zuzendari Meng Wanzhouren kontra 30 urteko kartzela zigorra eskatzen du Estatu Batuetako Fiskaltzak, kargu bakoitzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Estatu Batuetako Fiskaltzak Txinako Huawei teknologia enpresako finantza-zuzendari Meng Wanzhou estraditatzea eskatu du, iruzur karguekin Iranen kontrako zigorrak saihesten saiatzeagatik. 30 urteko kartzela zigorra eskatzen dute Meng Wanzhouentzat konspirazio kargu bakoitzeko.
46 urteko finantza-zuzendaria abenduaren 1ean atxilotu zuten Kanadan, Estatu Batuek eskatuta. Washingtonek Teherani jarritako zigor ekonomikoak ekiditeko Huaweik nazioarteko sistema finantzarioa erabili duen ikertzen ari dira.
Meng Huaweiko fundatzailearen alaba da, eta bi abokatuk lagunduta heldu da, hedabideen arreta bereganatuta, Columbia Britainiarreko Auzitegi Nagusira. Kanadako agintariek Meng estraditatzen duten erabaki behar dute orain, Estatu Batuetan epaitua izateko.
Horrek dagoeneko gerra komertzial batean murgilduta dauden Etxe Zuriaren eta Txinaren arteko harremanak okerragotu litzake.
Txinako Atzerri Ministerioaren bozeramaile batek, Geng Shuangek, Kanadak eta Estatu Batuek ez dutela frogarik aurkeztu esan du, eta berehala askatzeko eskatu du.