Mundua -
Iraultza Libian
Libian balizko esku-hartze militarra egiteko prestatzen ari da EB
- Oposizioak gero eta herri gehiago kontrolatzen ditu.
- 50 espainiar gaur itzuliko dira Gobernuak bidalitako hegazkinean eta gainerakoentzako "beste bide batzuk" aukeratu dituzte.
Erredakzioa
Europar Batasunak aitortu du "posible" dela Libian militarki esku-hartzea eta aukera hori aztertzen ari direla Muamar Gadafi buruzagiak zibilen protesten kontrako errepresio gogorra eteten ez badu.
"Lantzen ari garen aukeretako bat da. Zaila izango da praktikan jartzea, baina ekintza plan bat egiten ari gara eta aukera guztiak agertzen dira bertan", EBko diplomazia-iturriek jakitera eman dutenez. Esku-hartze militarra egitekotan, hala ere, nazioartearen babesa beharko lukeela zehaztu dute.
Gadafirekin dituzten harremanak "hutsalak" direla eta haren inguruko taldea ez dela "arrazionala" iritzi diote. Era berean, Europar Batasunak ez omen du diplomazialaririk Libian, eta horrek bere ekiteko ahalmena "mugatu" egiten du.
Testuinguru horretan, egoera ezin da aurreikusi eta EB lantzen ari den plana "egokitu" egingo da momentuko baldintzetara, baita "testuinguru okerrenera ere". Dena dela, oraindik ez omen dago "krisi humanitariorik".
Era berean, informazio trukea etengabea omen da AEBekin, Errusiarekin eta Kanadarekin.
Gaur 50 espainiar itzuliko dira
Oraindik Libian harrapatuta dauden espainiarretako 50 gaur bertan itzuliko dira Gobernuak Aljeriatik Tripolira bidali duen hegazkinean. Armadako hegazkina 13:30 aldera iritsiko da Libiako aireportura, Atzerri Gaietarako Ministerioak azaldu duenez.
Gainera, Tripolitik kanpo dauden herritar espainiarren kasuan, "beste aukera batzuk" aztertuko omen dituzte.
Bien bitartean, Europar Batasunaren babes zibilerako mekanismoa martxan jarri omen dute herritarrak ebakuatzeko prozesua errazteko eta koordinazioa bultzatzeko.
Gadafi, setiatuta
Muamar Gadafi Libiako diktadoreak Misurata (ipar-mendebaldea) eta Tobruk (ipar-ekialdea) herrien kontrola galdu du azken orduetan. Aldez aurretik, manifestariek Bengasi, herrialdeko bigarren herri garrantzitsuena, ere hartu zuten mendean, Al Jazeera telebista-kateak jakinarazi duenez.
Bien bitartean, Gadafi Tripoli hiriburuan babestuta dago. The New York Times-en arabera, milaka mertzenario hara bidean daude, diktadorea babesteko helburuz.
Misuratan, Tripolitik 200 kilometrora, oposizioa nagusitu egin da han zeuden militarren laguntzari esker. Soldaduek agiri bat igorri dute, herritarrekin bat egin dutela jakinarazteko.
Era berean, Tobruken, Suleiman Mahmoud jeneralak iragarri du herritarrei leialak direla: "Herriaren alde gaude. Lehen harekin (Gadafirekin) geunden, baina egoera aldatu egin da, tiranoa da".
Al Yasirak Libian duen berriemaile bereziak baieztatu egin ditu informazio horiek, eta Egiptotik herrialdean sartzean ez duela poliziarik edo militarrik ere ikusi adierazi du.
Antza denez, Al Baidan (ipar-ekialdea) egoera berdina da, informazioak kontraesankorrak badira ere. Izan ere, segurtasun agenterik ez badago, badirudi Gadafiren mertzenarioak kaleak patruilatzen ari direla.