Mundua -

Mezu berria

Manifestariak Al Kaidaren aginduetara daudela esan du Gadafik

- EBk ez du premiazko neurririk hartuko.

- 30.000 lagunek Libiatik ihes egin dute.

- Obama Sarkozy eta Cameronekin bilduko da Libiaren aurkako neurriak aztertzeko.

72

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Telebistan igorritako audio batean, manifestariei aurre egiteko eskatu die gaur herritarrei Muamar Gadafi Libiako buruzagiak. Gadafiren esanetan, manifestariak Osama Bin Laden Al Kaidako buruzagiaren aginduetara daude.

Azken egunetan izandako liskarretan izandako biktimak gogorarazi ditu Libiako buruzagiak. Azken orduetan, Zawiyahn izandako istiluak mintzagai izan ditu Gadafik.

Osama Bin Laden Al Kaidako buruzagia iraultzaren atzean dagoela esan du Gadafik, eta gazte manifestariek droga "haluzinogenoak" hartzen dituztela errepikatu du.

Manifestariak "terroristekin, drogatzen den jendearekin eta nazioarteko zerbitzu sekretuetako poliziekin" erlazionatu ditu Gadafik.

"Nazioarteko espiek hemengo gazteen artean droga banatzen dute, Al Qaedaren eta Bin Laden-en interesen aldeko istiluak sor ditzaten", gaineratu du.

Herria "geldiarazi" nahi dute

Gadafiren ustez, herria "geldiarazi" nahi dute manifestariek, "dendak itxiz eta errepideak moztuz". "Hiritar zentzudunek ez dituzte ekintza hauek onartuko", berretsi du.

Horregatik, "gazte horien familiei" dei egin die, kalera atera eta "haien seme alabak berreskuratzeko". Modu honetan, "Gerra Zibila" saihestuko da, Gadafiren iritziz.

AEBetako agintariek terroristekin "errukirik" ez dutela esan du Libiako presidenteak eta, Al Qaeda "Libian sartzen bada" kaosa zabaldu egingo dela gaineratu du.

Gainera, presidentea baino "buruzagi morala" dela defendatu du diktadoreak. Horrela, boterea herri batzordeetan dagoela argudiatu du dimisioa ez aurkezteko.

23 hildako Zawiyahn

Gutxienez 23 lagun hil dira Zawiyahn izandako istiluetan, Tripolitik 50 kilometrora, Quryna egunkari independenteak jakitera eman duenez.

Biktimen kopuruak gora egingo duela ohartarazi du egunkariak, tiroketek zaurituak ospitaletara eramatea oztopatzen dutelako.

Exodoa

Gutxienez 30.000 lagunek, egiptoarrak eta tunisiarrak gehienbat, Libiako indarkeriatik ihes egin dute. Iheslari gehienak atzerritarrak dira eta 325 libiar soilik atera dira herrialdetik.

EBk ez du premiazko neurririk hartuko

Errefuxiatu libiarren uholde bati aurre egiteko premiazko neurri prebentiboak hartzea baztertu egin du EBk. Besteak beste, larrialdi fondo bat edo EBko herrialdeen artean etorkinak banatzeko mekanismo bat sortzea proposatu zuen Italiak, baina uholde arriskurik ez dute ikusi Europako agintariek.

Barack Obama AEBetako presidenteak eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak zibilen aurkako indarkeriari "berehala" uko egiteko eskatu diote Libiako Gobernuari; ildo horretan, Libiako gidarien errepresioa eta mehatxuak gaitzetsi dituzte.

Libiako egoerari buruz jardun dira agintari biak. Sarkozyk Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren premiazko bilera deituko duela jakinarazi dio Obamari. Sarkozyren hitzetan, "neurri zehatzak" hartu behar dira, eta Libiako herritarrei laguntza bidali behar zaie.

Gadafi, setiatuta

Muamar Gadafi Libiako diktadoreak Misurata (ipar-mendebaldea) eta Tobruk (ipar-ekialdea) herrien kontrola galdu du azken orduetan. Aldez aurretik, manifestariek Bengasi, herrialdeko bigarren herri garrantzitsuena, ere hartu zuten mendean, Al Jazeera telebista-kateak jakinarazi duenez.

Bien bitartean, Gadafi Tripoli hiriburuan babestuta dago. The New York Times-en arabera, milaka mertzenario hara bidean daude, diktadorea babesteko helburuz.

Gadafiren dirua blokeatuko dute

Bestalde, Suitzako Gobernuak Muamar Gadafik eta bere senideek Suitzan izan dezaketen dirua blokeatzeko agindu du.

Erabakia berehalakoa da, Suitzako Gobernuak agiri batean jakinarazi duenez. Suitzak Gadafiren indarkeria gaitzetsi du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea