Mundua -
GATAZKA
Yemengo Gobernuak eta errebelde hutiek su-etena adostu dute Hudaida hirian
Su-etena ostiral honetan sartu da indarrean. Horren arabera, bi aldeak Hudaidatik aterako dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Yemengo gerrako bi aldeek (Gobernuak eta errebelde hutiek) su-etena adostu dute Hudaida hirian, eta indar lokalen esku geratuko da, Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusiak jakinarazi duenez. Al Arabiya telebista kateak zabaldutako informazioaren arabera, su-etena ostiral honetan sartu da indarrean.
Gobernuak eta errebelde hutiek Suedian egin duten astebeteko elkarrizketen ondorio izan da. "Hiriari eta portuari buruzko akordioa da. Horren arabera, bi aldeak portutik eta hiritik aterako dira. Su-etena probintzia osoan egongo da indarrean", Guterresen esanetan.
Hudaida hiria errebelde hutien kontrolpean dago, eta Yemengo Gobernuaren eta Saudi Arabia buru duen nazioarteko koalizioaren bonbardaketak jasan ditu. Gaur egun, giza laguntza eta Yemenek inportatzen dituen produktuak Hudaidako portutik sartzen dira.
Halaber, Taiz hiriko egoera leuntzeko akordioa ere lortu dute bi aldeek. Hiri hori hutien esku dago. "Horrek giza korridoreak irekitzea eta ondasunen iritsiera ahalbideratuko du", azpimarratu du.
Bestalde, bi aldeak urtarrilean elkartuko dira berriro, marko politiko berria eztabaidatzeko.