Mundua -

Iraultza Libian

'Huts egiteak' eta 'negoziazioaren' beharra onartu du Gadafiren semeak

-Tripolira joan" eta Gadafiren erregimenaren aurka matxinatzeko deia egin Libiako Armadako buru batek.

-NBE ezarriko dituen neurriak aztertzen ari da.

-Zigorrak ezarriko dizkiote EBk eta AEBek ere bai.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Seif el Islam Muamar el Gadafiren semeak esan du Libiako egoera "bikaina" dela lurraldearen hiru laurdenetan, nahiz eta onartu duen herrialdean "aldaketarako borondatea" dagoela. Halaber, administrazioan "erreformak" izango direla iragarri du.

Al Arabiya katean egindako adierazpenen arabera, Seif el Islamek onartu egin du "krisiaren kudeaketan huts egiteak" izan direla eta, ziurtatu duenez, "Libia berri bat garatzeko negoziazio baketsua behar da".

Bestalde, "Tripolira joan" eta Gadafiren erregimenaren aurka matxinatzeko deia egin Libiako ekialdeko Armadako buruak herrialdeko militarrei. Zonalde hori jada Gadafiren erregimenaren aurkakoen esku dago.

Bengasin emandako prentsaurrekoan, "askatutako zonaldeko" matxinoak herrialdearen hiriburuan "ekintza militarrik" egin nahi izatea baztertu du.

Gadafiren semea, negoziatzeko prest

Gaurtik aurrera oposizioko taldeekin negoziatzeko prest dagoela iragarri die Saif al Islam Gadafi Muamar Gadafiren seme zaharrenak Tripolin dauden kazetari atzerritarrei.

"Armadak terroristei ez erasotzeko eta negoziaziori bidea emateko erabakia hartu du", zehaztu du.

Misrata eta Zawiya (herrialdearen mendebaldea) hirietan ezik, herrialdean lasaitasuna nagusi dela adierazi du Saif al Islamek. Herrialdearen mendebaldean arazoak daudela onartu du.

Libiako buruaren hitzetan, "lasai dago dena" Libiako hiriburuko kaleetan. Jende andana su artifizialak jaurtikitzen eta Gadafiren aldeko oihuak ematen ari dela azaldu du.

NBEren deia

Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseiluak premiazko bilera egin du Libiako egoera aztertzeko eta "neurri zehatzak hartzeko", Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak jakinarazi duenez. Hilketak eta indarkeria eteteko "neurri zorrotzak" eskatu dizkio Ban Ki-moonek nazioarteari.

"Datozen orduak eta egunak erabakigarriak izango dira Libiarentzat", esan du. "Baliteke Libian milaka lagun hil izana", adierazi du Ban Ki-moonek.

NBEko idazkari nagusiaren hitzetan, nazioartearen betebehar nagusia "zibilak bebestea" da.

Era berean, Ban Ki-moonek Libiako erregimenaren aurkako "zenbait ekintza" kontuan izateko eskatu dio Segurtasun Kontseiluari; besteak beste, zigor ekonomikoak (ondasunen izozketa), Libiako erregimeneko buruei herritik ateratzeko debekua edo armen blokeoa.

Europar Batasunak (EB), bere aldetik, Libiaren kontrako zigor berriak adostu zituen atzo: erabateko arma blokeoa eta Gadafi familiaren ondasunen izoztea. Alemaniako Atzerri Ministerioaren arabera, Estatu kide guztiek adostu dute zigorra eta datorren astean onartuko dute.

Horrez gain, alde bakarreko zigorrak ezarriko dizkiote AEBek Libiari, eta nazioarteko zigorrak koordinatzen saiatuko da, Etxe Zuriak iragarri duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea