Mundua -

Trantsizio Gobernua

Mohamed Ghanuchi Tunisiako lehen ministroak dimisioa aurkeztu du

Kartagoko Jauregian eskaini duen prentsaurrekoan, dimititu egin duela iragarri du Trantsizio Gobernuaren buru zen Ghanuchik. Azken egunotan milaka lagun bildu ziren Tunisian, bere dimisioa eskatzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tunisiako Trantsizio Gobernuaren buru zen Mohamed Ghanuchi lehen ministroak dimisioa aurkeztu du, Kartagoko Jauregian eskainitako prentsaurrekoan jakitera eman duenez. Urtarrileko iraultzen ondoren, Trantsizio Gobernuaren buru zen Ghanuchi.

"Kontzientzia garbia izanda, kargua uztea erabaki dut", azaldu du Ghanuchik, "Tunisiaren onerako izango dena". "Ihesaldirik ez" dela azpimarratu du Gobernuko buruak. Bere esanetan, " nire erantzukizuna bide berri bat irekitzean datza, Tunisiaren etorkizunaren eta lehen ministro berriaren onerako, alegia".

Gainera, "Gobernua ahultzea eta iraultzaren porrotan laguntzea" egotzi die Ghanuchik "gerizpean izan diren taldeei". "Gutxi batzuek osatzen dituzte talde hauek, gehiengoak isilik daudelako ala Facebooken bitartez, bakarrik, mintzatzen direlako", gaineratu du lehen ministro ohiak.

50.000 lagun bildu ziren joan den hilaren 25ean Gobernuko Jauregiaren aurrean, Tunisiako erdialdean, trantsizio Exekutiboaren eta Mohamed Ghanuchi lehen ministroaren dimisioa eskatzeko. Gainera, 50.000 tunisiar inguru hiriburuko Kasba enparantzan manifestatu ziren atzo, larunbatean, Trantsizio Gobernua gaitzesteko. Manifestarien aburuz, Gobernu berriak ez ditu iraultzaren eskaera minimoak bete. Haien esanetan, Ben Ali presidente ohiaren politika besterik ez dute jarraitu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea