Mundua -
Iraultza Libian
Borrokak ekialdean Gadafiren jarraitzaileen eta matxinoen artean
- Gadafiren tropak eraso egiten hasi dira herrialdearen ekialdean.
- Matxinoen bozeramaile batek aurreratu du nazioarteko laguntza militarra eskatuko dutela.
Erredakzioa
Libiako matxinoen bozeramaile batek iragarri du nazioarteko laguntza militarra eskatuko dutela Muamar al Gadafi diktadoreari aurre egin ahal izateko.
"Seguru aski, nazioarteko laguntza eskatuko dugu, seguru aski bonbardaketak toki estrategikoetan", azaldu du Mustafa Gheriani eledunak Reuters agentziari egindako adierazpenetan.
Libiako oposizioaren iturriak aipatuta BBCk jakinarazi duenez, laguntza hori ez litzateke "nazioarteko esku-hartzea" izango NBEren partetik etorriko balitz.
Bien bitartean, herrialdeko ekialdean, Gadafiren tropak eraso egiten hasi dira Braga eta Ajdabiya herrien aurka.
Goizean, militarrek Bragaren kontrola hartu zuten, baina ondoren matxinoek berriz berreskuratu dute.
"[Gadafiren soldaduak] Braga okupatzen saiatu dira gaur goizean, baina porrot egin dute", esan du Mustafa Gherianik.
Braga Bengasitik 70 kilometrora dago, eta petrolio-hobiak ditu.
Halaber, hainbat iturriren arabera, Gadafiren tropak Ajdabiyara abiatu dira, eta bertan eztandak entzun dira.
Al Yaziraren arabera, matxinoek herri hori bonbardatzen ari zen hegazkin bat eraitsi dute.
AEBek bi ontzi militar bidali dituzte
Bestalde, AEBek Libiara bidali dituzten bi ontzi militarrak, ''USS Kearsarge'' eta ''USS Ponce'', gaur goizean iritsi dira Suezeko Kanalera.
Hain zuzen ere, 14:30ean edo 15:00etan (Euskadiko ordua) sartuko dira Mediterraneo itsasoan.
AEBek astelehenean jakinarazi zuten tropa militarrak mugituko zituztela Libiarako bidean.
"Hondamendi humanitario handia"
Antonio Guterres Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziako (ACNUR) goi komisarioak dei egin du Libian dauden atzerritarrak berehala ebakuatzeko, herrialdea gerra zibilaren atarian egon litekeela eta.
"Ebakuazio jendetsua behar dugu, hondamendi humanitario handia ikusten ari baikara", ohartarazi du Guterresek, BBC telebista-kate britainiarrean telefonoz eskainitako elkarrizketa batean.
Hori horrela, "finantziazioa, hegazkinak, ontziak eta langile espezializatuak" emateko eskatu die atzerriko Gobernuei.
ACNURren arabera, otsailaren 17an iraultza hasi zenetik, 140.000 pertsonak egin dute ihes Libiatik, 75.000k Tunisiara, eta 70.000k Egiptora. Nolanahi ere, Libian hainbat langile atzerritar dago oraindik.