Mundua -
IGANDE HONETAN
Gutxienez 17 pertsona hil dira Bangladesheko hauteskunde orokorretan
Sheikh Hasina lehen ministroaren alderdiak irabazi ditu hauteskundeak. Oposizioak ez ditu emaitzak onartuko, eta bozketak errepikatzeko eskatu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sheij Hasina lehen ministroa lider duen Aliantza Handiak alde handiarekin irabazi ditu Bangladesheko hauteskundeak. Emaitzek 260 eserleku (268tik) ematen dizkiete indar ofizialistei.
Oposizioko koalizio nagusiak, Jatiya Oikya Fronteak, 6 ordezkari baino ez ditu lortu. Beste bi eserlekuak beste bi hautagairentzat izan dira.
Parlamentua osatzen duten 299 eserlekuen 268ren zenbaketari dagozkion datuak dira, herrialdeko hedabideek zabaldu dutenez. Hauteskundeetako emaitzak ez dituela onartuko iragarri du Jatika Okiyak Fronteak.
Aliantza Handiaren alderdi nagusi den Awami Ligaren aldeko “iruzurtzat” hartu dituzte hauteskundeak, eta bozketak errepikatzea eskatu dute.
17 hildako borroketan
Gutxienez 17 pertsona hil dira eta 64 zauritu azken ordu hauetan Bangladeshen, hauteskunde orokorren egunean, alderdi politiko ezberdinen arteko jarraitzaileen arteko liskarretan. Poliziak zein ospitaleetatik jakitera eman dutenez, hamabost pertsona hauteslekuak ireki ondorengo liskarretan hil dira, eta beste bi aurretik.