Mundua -

Iraultza Libian

Hagako auzitegiak ikerketa abiatuko du Gadafiren aurka

- "Gadafiren semeren bat" aipatu du Hagako fiskalburuak.

- Chavezen bitartekotza arbuiatu du Gadafiren seme batek.

- Gadafi "Historiaren okerreko bazterrean" dagoela esan du Obamak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Luis Moreno Ocampo Nazioarteko Zigor Auzitegiko fiskalburuak iragarri du ikerketa abiatuko duela Muamar al Gadafi Libiako diktadorearen eta haren erregimeneko beste hainbat goi-kargudunen aurka.

Ocamporen ustez, Gadafi manifestarien aurkako jazarpenaren "erantzulea" da.

Nahiz eta ez zehaztu "Gadafiren semeren bat" aipatu du fiskalak krimenetan parte hartzea egotzita, eta baita Atzerri ministroa, Segurtasun eta Inteligentzia buruzagia, diktadorearen segurtasun buruzagia eta Kanpo Segurtasuneko buruzagia ere.

Gizateriaren aurkako krimenetako ustezko arduradun "formal" gisa "identifikatu" ditu fiskalaren bulegoak, ikerketaren aurreneko informazioetan oinarrituz. Krimenak iragan otsailean gertatu ziren Libian izandako errepresioan.

Orain ikerketa amaitu behar du Moreno Ocampok, pertsona horiek formalki auzipetu baino lehen. Ikerketa gaur hasten da.

"Inpunitaterik ez da izango"

Oposizioko taldeek krimenak egiten baldin badituzte horien kontra ekingo duela ohartarazi du fiskalburuak. "Libian ez da inpunitaterik izango", adierazi du.

Ikerketaren emaitzak "hilabete gutxi barru" epaileen aurrean aurkeztea espero du fiskalak, susmagarrien aurkako atxiloketa aginduak martxan jarri edo ez erabakitzeko.

Asteburuan NBEko Segurtasun Kontseiluak aho batez onartu zuen ebazpenean Libiako kasua Nazioarteko Zigor Auzitegiari igorri zion erakundeak. Era berean, zigorrak ezarri zizkion Gadafiri.

Obama

Gadafi "Historiaren okerreko bazterrean dago", adierazi du Barack Obama AEBetako presidenteak gaur.

Felipe Calderon Mexikoko presidentearekin emandako prentsaurreko bateratuan, Libian aplikatzeko "hainbat aukera" aztertzen ari direla azaldu du Obamak, baina esku-hartze militar posible bati garrantzia kendu dio. "Egoerak okerrera egiten baldin badu azkar esku hartzeko gaitasuna izan nahi dugu", erantsi du

Errefuxiatuak lagunduko ditu EBk

Bestalde, Libiatik Tunisiara ihes egiten duten errefuxiatuei laguntzeko 30 milioi euroko larrialdi laguntza onartu du Europako Batzordeak, Cristalina Georgieva Lankidetza komisarioak jakitera eman duenez. Dirua aberriratze eta erreskate operazioak laguntzeko erabiliko dute.

Gainera, gutxi barru onartuko duten 12 milioi euroko beste diru-laguntza bat emateko konpromisoa hartu dute Estatu kideek.

Chavezen bitartekotza arbuiatu du Gadafiren seme batek

Gatazka konpontzeko nazioarteko bitartekotza bat ezartzea proposatu du Hugo Chavez Venezuelako presidenteak, baina Said el Islam Gadafi Libiako buruzagiaren semeak proposamena arbuiatu du.

Hala ere, Libiako Gobernuak Venezuelako presidenteak egindako proposamena onartu duela jakinarazi du Andres Izarra Venezuelako Informazio ministroak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea