Mundua -
Hauteskundeak
Tunisiak hauteskundeak egingo ditu uztailaren 24an
Karta magna berri bat idatziko dute eta biltzar biak berrituko dituzte, Tunisiako bitarteko presidenteak telebistan iragarri duenez.
Erredakzioa
Fuad Mebaza Tunisiako bitarteko presidenteak telebistan iragarri duenez, uztailaren 24an batzar konstituziogilea eratzeko hauteskundeak egingo dituzte Tunisian.
Konstituziogileek karta magna berri bat idatziko dute eta biltzar biak berrituko dituzte, Tunisiako agintariak bere hitzaldian iragarri duenez.
Mebazaren hitzetan, "behin-behineko Gobernu berri bat aurkeztuko dugu, eta hori lanean arituko da batzar konstituziogilea eratu arte". "Batzarra hiritarrek aukeratuko dute Tunisiako historian zehar lehen aldiz egingo diren hauteskunde aske eta gardenetan", esan du.
"Hilabetea bukatu baino lehen hauteskundeetan parte hartzeko arau berriak ezarriko" dituztela gaineratu du Mebazak.
Mebazaren hitzetan, "egungo konstituzioak ez du herriaren nahia asetzen, eta ezin du demokrazia erreala bermatu".
Ildo horretan, gizarteko eragile guztiak (politikoak, sindikatuetakoak eta gizarte zibilekoak) parte hartzen dutela esan du agintari tunisiarrak.
Azkenik, segurtasun faltaren harira, "egoera hobetzen" ari dela esan du, baina Libiako egoerak gauzak zailtzen dituela gaineratu du.