Mundua -
Transizio Gobernua
Lehen ministro berriaren aldeko oihuak Tahrir plazan, Egipton
Esam Sharaf, lehen ministro berriaren izendapena begi onez hartu dute hiritarrek. Sharaf, aurreko erregimenarekin kritikoa, goizeko manifestazioan izan da.
Erredakzioa
Milaka egipziarrek Kairoko Tahrir plazan deituta zegoen manifestazioan parte hartu dute. Segurtasun neurri handirik gabeko protesta izaten ari da gaurkoa, eta Esam Sharaf, izendatu berri duten lehen ministroaren aldeko oihuak dira nagusi.
Gaurko protesta "Ekiteko eguna" izenaz deitu zuten, Hosni Mubarakek izendatutako Ahmed Shafiqen Gobernuaren dimisioa eskatzeko, baina Shafiqek atzo utzi zuen kargua eta aurreko erregimenarekin kritikoa izan den Esam Sharafek ordezkatu du.
"Sharaf ona da, Tahrir plazako manifestariak babestu zituen, berarekin Egipton gauzak aldatuko dira", adierazi du Ahmed Abdeluahad manifestariak.
" Estatuko Segurtasuna joatea nahi dugulako ari gara manifestazioa egiten, eta, bide batez, Sharafi geure babesa helarazteko" gaineratu du Abdeluahad.
Esan Sharaf, lehen ministroa bera ere manifestazioan izan da.
Hosni Mubarakek kargua utzi baino egun batzuk lehenago, urtarrilaren 29an, izendatu zuen Shafiq Egiptoko lehen ministro. Oposizioari ez zaio gustatu Shafiq orain arte karguan mantentzea, aurreko erregimenaren jarraipena bezala ikusten baitute.