Mundua -
Iraultza Libian
Gadafiren kontraerasoak atzera egitera behartu ditu erreboltariak
-Erreboltariek helikoptero bat bota omen dute.
-Frantziako Exekutiboak erreboltarien Gobernua txalotu du.
-Europar Batasunak begiraleak bidali ditu.
Erredakzioa
Muamar Gadafiren aldeko indarrek erreboltariak atzera egitera behartu dituzte Libiako ekialdean. Azken informazioen arabera, erreboltariek Bin Jawad hiriaren kontrola galdu dute, Sirtetik gertu, airez egindako bonbardeaketaren ondorioz. Atzera bidean, Ras Lanuf petrolio-portuan babestu dira.
Hala ere, erreboltariek helikoptero bat lurrera botatzea lortu omen dute, Al Yazira telebista kateak emandako informazioaren arabera.
Dena den, Gadafiren kontrakoen bigarren fronte batek aurrera egitea lortu du eta Sirte hirian hegoaldetik sartzen saiatzen ari dira. Sirtek balio sinbolikoa du erreboltarientzat Gadafiren jaioterria delako.
Erreboltariek militar britaniarrak harrapatu dituzte
Benghaziko erreboltariek Erresuma Batuko Armadako Aire Zerbitzu Bereziko (SAS) zortzi kide harrapatu dituzte, The Times egunkariak zabaldutakoaren arabera.
Militarrak "misio sekretu baten parte ziren, eta diplomatiko britainiarrak Libiako oposizioarekin harremanetan jartzeko helburua zuten", dio The Timesek, libiar iturrietan oinarrituta.
Oposizioko buruzagiak "haserre" omen daude Erresuna Batuko indar berezien "parte-hartzeagatik"; ondorioz, "soldaduak base militar batean giltzapetzea agindu zuten".
CNN kate estatubatuarrak jakitera eman duenez, agintari britainiarrak oposizioarekin negoziatzen ari dira zortzi militarrak askatzeko.
Frantzia, erreboltarien Gobernuaren alde
Oposizioak Bengazin sortutako Gobernua "txalotu" egin du Frantziako Gobernuak, "Gobernu hori eusten duten oinarriak eta ezarritako helburuak" goraipatuz, besteak beste, Muamar Gadafiren Gobernuarekin amaitzea.
Era berean, Frantzia "Kontseilu Nazionalaren sorrera bultzatu zuen batasunerako deia" goratu du, eta "bertan bilduta dauden liderrei eta mugimenduei espiritu horri eustea" eskatzen die.
EBk begiraleak bidali ditu
Carherine Ashton, Europar Batasuneko (EB) Kanpo Politikako Ordezkari Nagusiak begirale misio bat bidali du Libiara egoera gertutik jarraitu eta herriaren beharrizan humanitarioak zeintzuk diren jakiteko. Misio horren burua Agostino Miozzo da, Krisiari Erantzuteko Zerbitzu Europarreko Kanpo Ekintza zuzendaria.
"Misio hau lehen eskuko informazioa izateko bidali dut, momentuko informazioa, eta ostiralean egingo dugun ezohiko kontseiluaren aurreko eztabaidetan laguntzeko. Kontseilu horretan egoeraren berri emango diet Estatuburu eta Gobernuburu ezberdinei", azaldu du Ashtonek komunikatu ofizialean.