Mundua -
Venezuela
Madurok laukoiztu egingo du langileen gutxiengo soldata
Venezuelako presidenteak bere egitasmoaren xehetasunak azaldu ditu Asanblea Nazionalean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nicolas Madurok iragarri du langileen gutxiengo soldata 4.500 bolivarretik 18.000ra igoko duela urtarrilaren 15etik aurrera. 2017. urtearen bukaeratik Venezuela astintzen ari den inflazio handiari aurre egin nahi dio neurri honekin.
"Zuzenketa bat egingo dut. Ekonomia gizarteari lotuta egon behar da eta garapen soziala izan behar du helburu", azpimarratu du telebistan egindako agerraldi publiko batean.
Gutxiengo soldata igotzeaz gain, petro moneta birtualaren prezioa 26.000 bolivarrekoa izango dela iragarri du.
Madurok gaur azaldu du Asanblea Nazionalean bere plana, eta egitasmoari izaera konstituzionala eman diezaiotela eskatu du, Venezuelaren kontrako "erasoaldi ekonomikoari" aurre egiteko.
Madurok joan den ostegunean hasi zuen bere bigarren agintaldia Venezuelako presidente gisa, oposizioak eta nazioartearen gehiengoak zilegitasunik eman ez badiote ere.