Mundua -

KOLONBIA

ELNk bere gain hartu du Bogotako Polizia eskola baten kontrako atentatua

Bonba auto bat zartarazita, 21 pertsona hil ziren joan den astean egindako erasoan. Gerrillak gaur esan duenez, gerran 'aktiboki' parte hartzen duten militarrak trebatzen dituzte eskola horretan.

Bonba auto bat zartarazita, 21 pertsona hil ziren joan den astean egindako erasoan. Argazkia: EFE.
Atentatua Bogotan, Kolonbia.
ELNk bere gain hartu du Bogotako atentatua

1:14

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kolonbiako Askapen Nazionalerako Armadak (ELN) bere gain hartu du joan den ostegunean Bogotako Polizia eskola baten kontra egindako atentatua. 21 pertsona hil zituzten eta 68 zauritu, akademiaren alboan bonba auto bat leherrarazita.

Voces atari digitalean gaur kaleratutako ohar batean aitortu du bere egiletza ELNk. Agirian zehazten dutenez, "eraikin militar" bat da Polizia eskola, eta "gerran aktiboki pate hartzen duten ofizialak" eta "operazio militarrak zuzentzen dituzten poliziak" trebatzen dituzten bertan.

Gerrillaren arabera, eskolaren aurkako atentatua "zilegi da" gerra baten testuinguruan. "Hildako guztiak borrokalariak" zirela zehaztu dute.

Ostegunean izan zen atentatua. 80 kilo lehergai zeramatzan ibilgailu bat zartarazi zuen erasotzaileak. Hurrengo egunean bertan, Kolonbiako Fiskaltzak eta Defentsa Ministerioak ELNri egotzi zioten erasoa, egilea identifikatu ondoren. Iturri horien arabera, Jose Aldemar Rojas Rodriguez ELNko kidea izan zen erasotzailea. Atentatuan hil zen.

Lehenaz gain, ELNren eta Kolonbiako Gobernuaren arteko harremanak guztiz okertu ditu eraso honek. Ivan Duque presidente kolonbiarrak ostiralean hautsitzat eman zuen duela bi urte inguru abiatutako bake-prozesua, eta ELNko hainbat kide atxilotzeko agindua eman zuen.

Gerrillak gaur argitara emandako oharrean dioenez, bakeak ezin du aurrera egin, gerran dauden bi aldeek elkar errespetatzen ez badute. "Denon mina errespetatzea da abiapuntua", esan du ELNk.

Joan den asteko atentatua salatzeko, atzo, igandea, milaka kolonbiar atera ziren kalera, tartean Duque presidentea, Poliziari babesa adieraztera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Atentatuak Eguneko albisteak Albisteak Kolonbia