Mundua -

Iragarpena

Dalai Lamak dimisioa aurkeztu du Tibeteko buruzagi politiko gisa

Hain zuzen ere, "herritarrek askatasunean erabakitako buru baten esku" utziko du agintea. Dena dela, tibetarren buru espirituala izaten jarraituko du. Txinak dio "nazioarteari engainatzen" ari dela.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tibeteko Gobernuak erbestean duen buruzagi espiritualak, Dalai Lamak, dimisioa aurkeztu du eskualde horretako buru politiko gisa.

"60ko hamarkadatik, hainbatetan esan dut tibetarrek herriak askatasunean hautatutako buru politikoa behar dutela, eta hari itzuliko diot boterea", azaldu du hitzaldi batean.

"Orain, argi eta garbi iritsi da hori gauzatzeko unea", esan du Dharamsala (India) herrian.

Azaroan, sei hilabeteren buruan buruzagitza politikoa utziko zuela iragarri zuen, eta askotan "erdi-erretiratuta" dagoela zehaztu du.

Nolanahi ere, Tenzin Gyatso Dalai Lamak Tibeteko buruzagi espirituala izaten jarraituko du.

Dharamsala herrian Tibeteko Gobernu erbesteratuaren egoitza dago, eta demokratikoki hautatutako lehen ministroa dauka: Lobsang Tenzin.

Txinak dio "nazioarteari engainatzen" ari dela

Txinako Gobernua zuhur agertu da Dalai Lamaren erabakiarekin eta buruzagi tibetarraren hitzak "nazioarteari engainatzeko trikimailua" direla salatu du.

Prentsaurreko batean Jiang Yu Atzerri Gaietarako Ministerioaren bozeramaileak azaldu duenez, Bakearen Nobel sariduna "erlijio-gizon baten mozorroa jantzi duen erbesteratu politikoa" da eta "Txinaren zatiketa lortzeko ekintzetan parte hartzen du".

Bestalde, Jiangek azpimarratu du Dalai Lamaren erabakia ez dela inolako berritasuna, izan ere, buruzagi politiko eta erlijiosoak behin baino gehiagotan aipatu du aukera hori azken urteetan.

Gainera, erbestean dagoen Tibeteko Gobernua "legez kanpoko erakunde bat" dela gogorarazi du, eta ez dagoela hura errekonozitzen duen herrialderik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea