Mundua -

Europako Parlamentua

EPk minutu bateko isilunea egin du terrorismoaren biktimen omenez

Gipuzkoako Batzar Nagusiek ere biktimak omendu dituzte egoitzan bertan dagoen monumentoan lore eskaintza eginda.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Parlamentuak minutu bateko isilunea egin du terrorismoaren biktimak gogoratzeko. Jerzy Buzek presidentearen hitzetan, terrorismoa gaitz "lotsagarria, beldurgarria, lizuna eta koldarra" da.

Ekitaldi honekin, Parlamentuak Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna ospatu nahi izan du, nahiz eta egun ofiziala bihar, ostirala, martxoaren 11 izan, Madrileko atentatuen zazpigarren urteurrenarekin batera. Hala ere, Parlamentua ez da ostiraletan biltzen eta horregatik omenaldia gaur egitea erabaki dute.

"Terrorismoak ezin du inoiz justifikaziorik izan, eta fenomeno lotsagarri, beldurgarri, lizun eta koldar honen kontra gaude", esan du Buzek botaziorako txandaren hasieran."Europak elkartasunarekin eta demokraziarekin duen konpromisoa ezin du eraso terrorista batek suntsitu", esan du Parlamentuko presidenteak.

Omenaldia Gipuzkoan

Terrorismoaren Biktimen Eurpako Egunaren harian, Gipuzkoako Batzar Nagusiek ere omenaldi ekitaldia egin dute. Horretarako, lore eskaintza egin dute Batzar Nagusietako egoitzan bertan duten monumentoan.

Batzar Nagusietako mahaiko kideek, ordezkaritza duten alderdi guztien izenean, arrosa zuriz osatutako lore eskaintza eta minutu bateko isilunea egin dute, urtero legez, terrorismoaren eta indarkeriaren biktimen omenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea