Mundua -

Iraultzei aurre egiteko

Boterean mantentzeko erreformak iragarri dituzte agintari arabiarrek

Konstituzioetan egin beharreko erreformen berri ematen azkenak Mohamed VI. Marokoko erregea eta Ali Abdula Saleh Yemengo presidentea izan dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erreforma politikoak agindu dituzte agintari arabiar askok, iraultzek planteatu dizkieten zailtasunetatik atera nahian. Horrela, konstituzioetan aldaketak eta erreformak iragarri dituzte buruzagi arabiarrek.

Konstituzioetan egin beharreko erreformen berri ematen azkenak Mohamed VI. Marokoko erregea eta Ali Abdula Saleh Yemengo presidentea izan dira.

Hosni Mubarak Egiptoko eta Zine el Abidine ben Ali Tunisiako presidente ohiek ez zuten erreformak egiteko astirik izan eta herriak ez zituen bi buruzagien azken orduko promesak onartu.

Iraultzak Tunisian eta Egipton

Tunisian, Fuad Mebaza presidente berriak eta Beyi Said Essebsi lehen ministroak trantsizioa egiteko ardura dute, hauteskunde gardenak egitea bermatuz, herritarren nahiak asetzeko.

Egipton, Esam Sharaf lehen ministro berriak ez du hauteskundeak egiteko data ofizialik eman, alderdiei prestatzeko denbora gehiago emateko.Bien bitartean, presidentetzarako ala hauteskunde legegileak lehenago egitea eztabaidatzen ari dira politikariak.

Erreformak, hauteskundeak eta dimisioak

Marokon, Mohamed VI. erregeak hitzaldi historikoa eman zuen bart, Mulay Hasan semearen eta Mulay Rachid anaiaren laguntzarekin. Konstituzioan aldaketak iragarri zituen erregeak. Horrela, lehen ministroa hauteskundeak irabazi dituen alderdiak aurkeztuko du, erregeak egin beharrean.

Yemenen, urtea bukatu baino lehen botereen arteko banaketan sakontzeko Konstituzioan aldaketak egingo dituela iragarri du gaur Ali Abdala Saleh presidenteak. Horrela, estatuburua Parlamentuak aukeratuko du, zuzeneko botoa baztertuz.

Jordanian, Samir Rifai lehen ministroa kargutik kendu zuen Abdala II. erregeak eta Maaruf Bajit izendatu zuen ordezkatzeko. Era berea, protesten aurrean, Gobernu berriari "erreforma politiko azkarrak" eskatu zizkion erregeak.

Aljerian, hauteskundeak aurreratu zituen Abdelaziz Buteflika presidenteak, ekainerako edo irailerako segur aski. Asanblada osatu eta presidente aukeratzeko hauteskundeak deituko ditu Buteflikak, Le Jeune Independant egunkariaren arabera.

Saudi Arabian, Saud al Faisal Atzerri ministroak herrialdea bakartu nahi izan zuen eta Estatuko gaietan muturra sartzen zuen edonori "behatza ebakiko" ziola mehatxu egin zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea