Mundua -
Hondamendi naturala
Kalifornian lagun bat desagertu da tsunamiaren ondorioz
Txileko Gobernuak kostaldeko hiritarren berehalako ebakuazioa iragarri du; batez ere, urpean gelditu daitezkeen eremuetan.
Erredakzioa
Lagun bat desagertu eta beste hiru zuritu dira Japoniako tsunamia Kaliforniara heldu ostean. Ezbeharra Crecest Cityn gertatu da.
KDRT-TV telebista katearen arabera, urak eraman ditu; izan ere, bi metroko olatuak sortu dira, herriko egunkarien arabera.
Hiritarren hitzetan, 30 bat ontzik kalte larriak izan dituzte tsunamiaren ondorioz; era berean, portuan kalteak eragin ditu.
Tsunamia Hawaitik igaro da "kalte handirik" eragin gabe, Bill Daley Etxe Zuriko Gabineteko buruak jakinarazi duenez.
Txilen
Txileko Gobernuak kostaldeko hiritarren berehalako ebakuazioa iragarri du; batez ere, urpean gelditu daitezkeen eremuetan.
Indonesia
Milaka pertsonak alde egin dute etxetik Indonesia iparraldean, tsunami handia bertako kostara irits zitekeela ohartarazi dutenean.
Meteorologia zerbitzuetako langile batek, ordea, esan du Moluca uharteetara iritsi dela tsunamia, baina 10 zentimetro inguruko olatua besterik ez dela izan eta ez duela kalterik eragin. Indonesian, 2004an, 230.000 pertsona hil ziren tsunami baten ondorioz.
Filipinak
Filipinetako ekialdera ere iritsi da tsunamia, indarra galduta, eta metro bete inguruko olatuak izan dira.
Saipanen, Marina uharteen hegoaldeen, itsasoaren maila 2,5 metro igo da eta Angel Damapan gobernadorearen bozeramaileak esan du ez dutela kalteen edo biktimen berririk.
Australia
Australian, Meteorologia Bulegoak esan du ez zegoela tsunami arriskurik, eta Zeelanda Berrian agintariek kendu egin dute indarrean zegoen alerta.
Frantzia
Frantziako agintariek tsunami alerta ezarri dute Ozeano Barean dituzten uharteetan eta horiek ebakuatzeko agindua ere eman dute.
Frantziar Polinesiari, Wallis et Futunari eta Caledonia Berriari eragiten die aginduak, Barne Ministerioak jakinarazi duenez.
Kolonbia
Kolonbian ere tsunami alerta ezarri dute Ozeano Bareko kostan, baina oraingoz ez dituzte inguru haiek jendez hustu.
Honduras
Hondurasek ere alerta ezarri du, baina berdea, eta ez dute ebakuaziorik agindu. Alerta Fonsecako Golkora mugatu dute.
Peru
Pazifikoko zonako udalerrietan alerta egoera ezarri du Peruk tsunami arriskuaren aurrean, baina Alan Garcia presidenteak "arrisku handiegirik" ez dagoela adierazi du.