Mundua -

Venezuela

Venezuelan bizi duten indarkeriaren errudun izatea egotzi dio Madurok Trumpi

Madurok auzitegietara joko du Washingtonek Venezuelako petrolio enpresaren kontuak izoztu dituelako, hots, herrialde horretako diru iturri nagusiari zigorrak ezarri dizkiolako.

Nicolas Maduro. Argazkia: EFE
Venezuelan bizi duten indarkeriaren errudun izatea egotzi dio Madurok Trumpi
Nicolas Maduro. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBk areagotu egin du Nicolas Maduroren aurkako presio politiko, diplomatiko eta ekonomikoa. Horregatik, Donald Trumpen kontra agertu da gaur Maduro, Venezuelan bizi duten eta etorkizun hurbilean egon litekeen indarkeriaren errudun nagusia dela esanez.

Izan ere, Washingtonek urrats berri bat eman du Maduroren Gobernua estutzeko asmoz. Hain zuzen ere, herrialde horretako diru iturri nagusi denari, alegia, PDVSA petrolio konpainiari, kontuak izoztu eta zigorrak ezarri dizkio.

Hori horrela, PDVSA enpresak azken 30 urteotako ekoizpen maila baxuena izan duen honetan, Venezuelako krisi politikoak okerrera egin du, eta oinarrizko zenbait elikagairen eta botiken eskasia nabarmena da bertan.

Astelehenean bertan, Maduroren Gobernuak txanponaren balioa % 34 gutxitu zuen, eta Saudi Arabiak azken orduotan ohartarazi du Venezuelak bizi duen egoera larriak "petrolio merkatuaren oreka" hauts lezakeela.

Gainera, AEBren azken ekintzak Maduroren haserrea piztu du. Etxe Zuriaren erabakia ezagutu ostean, zigor horien aurka egingo duela ziurtatu du Madurok, eta Trump Venezuelari lapurtzen ari dela salatuko du.

AEBk ezarritako zigorren helburua omen da, Gobernu berri bat hautatu bitartean, Madurok petrolio konpainiaren aktiboa Venezuelatik ez ateratzea. Horixe da, behintzat, Steve Mnuchin AEBko Altxor Publikoko idazkariak kazetariei esan diena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Donald Trump Nicolás Maduro