Mundua -
Matxinoen Gobernua
Batzorde Nazionala Libiako ordezkari gisa onartu du EBk
Boterea uzteko eskatu dio Gadafiri Europar Batasunak. Gainera, Libiako populazioa babesteko "beharrezko aukera guztiak" aztertzeko konpromisoa hartu dute Europako buruzagiek.
Erredakzioa
Muamar Gadafi Libiako buruzagiari boterea uzteko eskatu diote gaur Europar Batasuneko estatuburuek eta gobernuburuek. Gainera, Libiako Batzorde Nazionala (Bengasiko matxinoen Gobernua) Afrikako herrialdeko ordezkari ofizial gisa onartu dute EBko buruzagiek, Frantziak eta Britainia Handiak eskatu bezala.
Libiako populazioa babesteko "beharrezko aukera guztiak" aztertzeko konpromisoa hartu dute Europako buruzagiek, Herman Van Rompuy Kontseilu Europarreko presidenteak iragarri duenez. Libiako egoera aztertzeko ezohiko goi-bilera egin dute EBko agintariek.
"Eskualdeko herrialdeen babesa, oinarri legala eta esku hartzeko arrazoiak" daudela demostratzen bada aukera militarrak abian jarriko dituztela ohartarazi du Van Rompuyk. Populazio zibilari eraso egin dutenek "ondorio larriei egin beharko diete aurre", Van Rompuyren ahotan.
Arabiar Ligaren, Afrikako Batasunaren eta EBren goi-bilera "azkar" bat eskatu du Kontseilu Europarreko presidenteak.
Azkenik, Mugak Kontrolatzeko Europako Agentziari (Frontex) aditu, hegazkin eta ontzi gehiago emateko eskatu dizkie Estatu kideei Van Rompuyk, Libiatik ihes egiten duten errefuxiatuak hartzen dituzten Europako Estatuei laguntzeko.