Mundua -

Lurrikararen ondorioak

Politika nuklearra aldatuko dute Alemaniak eta Suitzak

Zentral nuklearren bizitza luzatzeko erabakia hiru hilabetez bertan behera utziko duela baieztatu du Merkelek. Araudi nuklearra berriz aztertuko duela iragarri du Finlandiak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako zentral nuklearren bizitza luzatzeko erabakia bertan behera utziko duela iragarri du Angela Merkel Alemaniako kantzelariak, Gobernuko koalizioaren iturriak aipatuz Focus aldizkariak jakitera eman duenez.

Iragan irailean onartutako ekimena bertan behera uztea erabaki zuen igandean Merkelek. Alemaniako 17 zentral nuklearren bizitza batez beste 12 urtez luzatzea onartu zuen iraileko ekimenak.

Konkretuki, iragan udazkenean onartutako legea hiru hilabetez luzatuko dutela iragarri du Merkelek. Japoniako hondamendiak Alemaniako zentral nuklearretako segurtasuna birplanteatzera behartzen du, Merkelen ahotan.

Arriskuak saihesteko, martxan diren 17 erreaktore nuklearretako segurtasunari buruz azterketa sakon bat egiteko agindua eman zuen Gobernuak iragan larunbatean.

Bestalde, hiru zentral nuklear berrien eraikuntzaren baimena bertan behera utzi dute Suitzako agintariek. Izan ere, segurtasun neurriak birpasatu nahi dituzte, Japoniako lurrikarraren ostean izandako ezbehar nuklearra dela medio. Beste herrialdeek, tartean Finlandiak, araudi nuklearraren azterketa ere egingo dutela iragarri dute.

Herrialdeko argindarraren % 40 ekoiztu ohi dute Suitzan martxan dauden bost erreaktor nuklearrek. Hala ere, zentral batzuen bizitza datozen urteetan amaitzera doa. Horren ondorioz, 2012ko erdialderako prest egongo liratekeen hiru zentral berrien eraikuntza onartu zuen Suitzak.

Suediak, berriz, bere politikari eutsiko dio

Fredrik Reinfeldt Suediako lehen ministroak, ordea, bere politika nuklearrari eusten jarraituko dutela eman du jakitera. 1980an zentral nuklearren deuseztatzea onartu zuten herritarrek erreferendum baten bitartez. 2009. urtean, berriz, hura bertan behera uztea erabaki zuen eskuin-zentroko Gobernuak. Funtzionatzen duten hamar erreaktor nuklear ditu egun Suediak. Hauen bidez, herrialdearen argindarraren % 50 lortzen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea