Mundua -
Lurrikararen ondorioak
Alarma erradioaktiboa Japonian
- Haizea mehatxu nuklearra urruntzen ari da, baina erradiazio maila handiak daude oraindik hainbat lekutan.
- Dagoeneko 10.000 biktima dira Japonian, eta 25.000 lagun erreskatatu dituzte.
Erredakzioa
Japonia erradiazioari aurre egiten ari da, Fukushimako zentral nuklearrean isuri erradioaktiboa sortu eta gero, bart jazotako eztandaren eta sutearen ondorioz.
Meteorologiako Mundu Erakundearen esanetan, haizea ozeanorantz eramaten ari da erradiazioa, baina hainbat tokitan erradioaktibitate maila handiak dituzte oraindik. Nolanahi ere, Osasunaren Mundu Erakundeak azaldu du ez dagoela arriskurik herritarrentzat.
Krisia seigarren mailara igo dute Gertakizun Nuklearren Nazioarteko Eskalan (INES). Guztira zazpi maila daude eskala horretan, larritasun txikienetik handienera. Txernobileko istripuari (1986) zazpigarren maila eman zioten, eta Three Mile Islandekoari (1979) bosgarrena.
Tokion, erradiazio maila ohi baino 10 aldiz handiagoa da, baina bertako agintariek berretsi dute ez dagoela arriskurik.
Bart beste eztanda bat (hirugarrena azken egunetan) eta sute bat jazo dira Fukushimako zentralean. Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (IAEA) baieztatu egin du erradioaktibitate isuria egon dela, eta eztandaren ostean, erradiazio maila muga legala baino zortzi aldiz handiagoa izan da, Kyodo agentziaren esanetan.
Handik eta hiru ordura, sutea piztu da zentralean, eta kalte handiak egin ditu laugarren erreaktorean.
Fukushiman 50 langile baino ez daude une honetan, gehienak, 800 inguru, ebakuatu egin baitituzte.
Gainera, Gobernuak zentraletik 30 kilometroko eremuan etxetik ez ateratzeko eta leihoak itxita izateko dei egin die herritarrei.
Garraio Ministerioak arrisku eremua ezarri du Fukushimaren inguruetan, eta debekatu egin du bertatik hegan egitea. Hirugarren erreaktorean, erradiazio maila pertsonentzat segurua dena baino 400 aldiz handiagoa da.
Kyodo agentziaren esanetan, erradiazioa muga legala baino 33 aldiz handiagoa da Utsunomiyan, Tochigi probintziaren hiriburuan (Tokioren iparraldean), eta bederatzi aldiz handiagoa Kanagawan (hegoaldean).
Beste hainbat probintziatan, Kanagawan eta Saitaman kasu, ere erradiazio maila oso handia da.
Horrela, Japoniako arrisku nuklearra "ez gutxiesteko" eskatu du Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak. "Japonian gertatutakoa erabat dramatikoa da", erantsi du.
10.000 biktima
Dagoeneko hildakoak eta desagertuak 10.000 baino gehiago direla esan dute Japoniako agintariek. Bestalde, lurrikararen eta tsunamiaren ostean 25.000 lagun erreskatatu dituztela jakinarazi dute. Onik atera direnek zailtasunak dituzte elikagaiak eta ura lortzeko.
3.373 lagun hil dira eta 6.746 desagerturik daude lurrikararen ostean.
6,3 graduko erreplika
Hain justu, Fukushimako kostaldean 6,3 graduko erreplika bat gertatu da gaur, baina oraingoz ez dago argi kalteak zenbatekoak diren.
Japoniako Meteorologia Agentziak informatu duenez, dardara 18:50ean (10:50 Euskadin) izan da, eta epizentroa 10 kilometroko sakoneran zegoen.
Ostiralean 9 graduko lurrikara izan zenetik, 200dik gora erreplika jazo dira Japonian. Ondorioz, 3.373 pertsona hil dira, azken balantze ofizialaren arabera.
Hondamendi nuklear arriskua
Frantziako Gobernuak uste du Japonian istripu nuklear arriskua "oso handia" dela, eta azken gertaeren ondorioz hondamendia gerta litekeela dirudiela.
Alain Juppe Atzerri ministro frantziarrak, G8ko gainerako ministroek bezala, azalpenak jaso zituen atzo Japoniaren partetik, eta informazio horien berri eman du gaur ''Europe 1'' irrati-katean.
"Hondamendi nuklearra gerta liteke, baina ez gaude Txernobilen egoeran, egoera horretarako bidean goazela dirudien arren", gaineratu du.
Erreskate itxaropentsua
70 urteko emakume bat erreskatatu dute Otsuchiko udalerrian, Iwaten, etxebizitza baten hondakinen artean 92 ordu harrapatuta eman eta gero.
Kiodo albiste-agentziaren esanetan, hipotermia sintomak ditu, baina onik atera da. Lurrikaretan eman ohi den 72 orduko biziraupen epea agortu ostean erreskatatu dute emakumea.
Herritarrak, elikagaiak biltzen
Testuinguru honetan, Tokioko bizilagunak ebakuazioak antolatzen eta elikagaiak eta bizigaiak biltzen hasi dira, etxean bakartuta geratuko diren beldur baitira.
Hainbat dendatan produktuak agortzen ari dira, tartean irratiak, linternak, kandelak, erregaia eta lozakuak.&' || 'nbsp;