Mundua -
Khashoggi auzia
Khashoggiren gorpua labe batean erre zutela susmatzen du Turkiako Poliziak
Ikerketaren arabera, Khashoggiren gorpua Saudi Arabiak Istanbulen duen kontsulatuan zatikatu zuten, baina oraingoz haren gorpua ez da inon agertu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jamal Khashoggi kazetari saudiarabiarraren gorpua labe batean erre zutenaren susmoa du Turkiako Poliziak. Ikerketaren arabera, berriemailea iragan urriaren 2an hil zuten Saudi Arabiak Istanbulen duen kontsulatuan. Anadolu Turkiako albiste agentziak Poliziaren txosten bat aipatuz zabaldutako informazioaren arabera, litekeena da hilotza kontsulatuko lorategian dagoen labe batean erre izana.
Lur azpiko labe bat aurkitu dute lorategian, mila graduko tenperatura harrapatzeko gaitasuna duena. Aipaturiko tenperatura hori nahikoa da DNA arrasto guztiak ezabatzeko.
Ikerketa egiten ari diren agenteen ustez, Khashoggiren gorpua kontsulatuan bertan zatikatu zuen Saudi Arabiako komando batek. Dena dela, gaur gaurkoz ez da kazetari saudiarabiarraren gorpua agertu.
Ikertzaileek hainbat aukera jarri dituzte mahai gainean, baita gorpua kontsulatutik atera izana edo azidotan disolbatu izana. Labea aurkitu ostean, ordea, gorpua erre izanaren aukera ere aztertzen ari dira.
Bestalde, kontsulatua produktu kimikoekin garbitu zutela egiaztatu dute.