Mundua -
Energia nuklearra
Oettinger: 'Europako zentral guztiek ez dituzte frogak gaindituko'
Europako zentral nuklear guztiek EBren erresistentzia frogak gaindituko ez dituztela adierazi du Energia komisarioak. Era berean, AEBetan zentral nuklearrak berriz aztertuko dituzte.
Erredakzioa
Europako zentral nuklear guztiek Europar Batasunaren erresistentzia frogak gaindituko ez dituztela adierazi du Gunther Oettinger Energia komisarioak. Izan ere, segurtasun neurri zorrotzenak ez dituzte hartzen.
"Zentral guztiek segurtasun arau zorrotzenak betetzen ez dituztela erakutsiko dute Europar Batasunak egingo dituen erresistentzia frogek", adierazi du Oettingerrek Arte telebistan.
Segurtasun maila "oso altuarekin" arrisku guztiak "birbaloratu" behar dituztela esan zuen atzo Europako Parlamentuan. Horretarako proba horiek egin behar direla berresti du gaur. Europar Batasuneko 27 herrialdeetan 143 erreaktore daude. Horietatik 58 Frantzian kokatzen dira, energia nuklearra gehien erabiltzen duen herria. Izan ere, Frantziako elektrizitatearen % 80a energia nuklearrari esker lortzen da.
AEBek zentral nuklearrak aztertuko dituzte
Era berean, AEBetako zentral nuklearrak berriz aztertzeko agindua eman duela iragarri du gaur Barack Obama presidenteak, Fukushimako zentralak dituen arazoak ikusita.
Etxe Zurian egindako agerraldian, Japoniako zentralak isuritako erradiazio kaltegarria AEBetara heltzea ez duela espero adierazi du Obamak.