Mundua -

Gerra zibila

Libian esku hartzea onartu du NBEk

- Baliteke "hurrengo orduetan" abiatzea erasoak AEBek, Frantziak eta Erresuma Batuak.

- Espainiaren kasuan, Parlamentuak baimena ematen badu baino ez du hartuko parte operazioetan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Libiako herritarrak babesteko eta aire-eremua ixteko "beharrezko neurri guztiak" hartzeko ebazpena eztabaidatu eta onartu du Nazio Batuen Erakundeak ostegun gauean.

NBEren Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak hamar boto izan ditu alde eta bat ere kontra. Bost abstentzio izan ditu, besteak beste, Errusiarena eta Txinarena.

Gadafik Libiari (Bengasi barne) erasotzekotan, zibilak eta zibilen eremuak babesteko NBEko estatu kideek aire-erasoak erabili ahal izango dituztela jasotzen du NBEren ebazpen horrek.

Era berean, "atzerriko edozein motatako okupazio indarren presentzia" ukatu dute, "Libiako edozein tokitan".

Frantziak, Erresuma Batuak eta Libanok babestutako ebazpenak "Libiako aire-eremuan hegaldi guztiak debekatzen ditu, hiritarrak babesteko"; halaber, aire-eremua libre dagoela bermatzeko "beharrezko neurriak" hartzeko baimena ematen du.

Era berean, arma-blokeoa gogortuko diote Libiari, eta joan den hilabetean Gadafiri eta gertuko kolaboratzaileei inposatutako zigorrak indartuko dituzte.

Halaber, Libian berehalako su-etena eskatu dute, Errusiak iradoki bezala.

Bestalde, "giza eskubideen bortxaketa larriak eta sistematikoak, atxiloketa arbitrarioak, derrigorrezko desagerpenak eta exekuzio laburrak " gaitzesten ditu ebazpenak bere sarreran.

Erasoa, "hurrengo orduetan"

AEB, Frantzia, Erresuma Batua eta NATO operazio militarrak prestatzen hasi dira jada.

Frantzia eta Erresuma Batua prest agertu dira erasoak berehala gauzatzeko, eta AEB herrialde arabiarrekin negoziatzen ari da.Italiak baztertu egin du operazioetan parte hartzea, baina bere baseak erabiltzen utziko die.

"Erasoak berehala izango dira", aurreratu du François Baroin Frantziako Gobernuko bozeramaileak RTL irrati-katean.

Royal Air Force britainiarra ere prestatzen ari da NBEren ebazpena betetzeko.

Espainiaren kasuan, Parlamentuak baimena ematen badu baino ez du hartuko parte operazioetan, Juan Antonio Yañez-Barnuevo Atzerri Gaietarako Estatu idazkariak azaldu duenez.

Bestalde, NATOk iragarri du Libian "esku-hartzeko" prest dagoela, "nazioarteko" operazio baten baitan, betiere "mandatu legala" badago eta eskualdean babesa badu.

Hori bai, Oana Lungascu NATOko bozeramaileak adierazi duenez, NATOk esku-hartzeko, aliantza atlantikoa "beharrezkoa" dela frogatu behar da lehenik eta behin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea