Mundua -

Iraultza Libian

Gadafik Bengasi bonbardatu du eta NBEri aurre egin dio

-"Libiako barne arazoetan sartzen badira, damutuko dira", ohartarazi die Gadafik Sarkozyri, Zapaterori, Ban Ki-mooni eta Cameroni.

-Oposizioak nazioarteko esku-hartzea eskatu du.

91

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zibilen kontrako erasoak "berehala" gelditzeko ultimatuma eman zioten atzo, ostiralean, Libiari Frantziak, AEBek, Britainia Handiak eta "herrialde arabiarrek". Hala ere, Muamar al Gadafiren Armadak Bengasi bonbardatu du, NBEaren ebazpenari entzungor eginez. Horrez gain, oposizioaren hiriburu bilakatu den hiria itsasoz setiatzeari ekin diote.

Gadafik Bengasiko biztanleak sarraskitu nahi dituela adierazi dio Abdeljalil Mustafa Transizioko Batzorde Nazionaleko presidenteak Al Jazeerari. Hori horrela, nazioarteari Libiako bigarren hiri garrantzitsuenean esku hartzeko eskatu dio.

Oposizioko soldaduek Al Jazeerari jakinarazi diotenez, Libiako koronelaren aldeko 19 kide hil dituzte. Qatarreko telebista katearen arabera, Tripolitik gertu dagoen Misrata eta Ajdabiya ere bonbardatu du Gadafiren Armadak.

Ostiralean ezarritako su-etena urratu izana egotzi die Libiako Gobernuak matxinoei.

Mendebaldeko herrialdeei mehatxu egin die Gadafik

"Libiako barne arazoetan sartzen badira, damutuko dira", ohartarazi die Gadafik Mendebaldeko herrialdeko buruei. Horren hitzetan, edozein esku-hartze militar "etsaien bistako erasoa" izango da.

Barack Obama AEBetako presidenteari, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteari, David Cameron lehen ministro britainiarrari eta Ban Ki moon NBEko idazkari nagusiari mehatxu egin die Libiako koronelak. Ibrahim Moussa Gobernuko bozeramaileak irakurri du Gadafaren mezua eta AlJazeerak eman du.

Armadak zibilen aurka tiro egin izana ukatu ostean, Gadafik NBEko ebazpena onartzen ez duela adierazi du.

Goi-bilera, Parisen

"Libiako herria babesteko goi-bilera" deitu du Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak eguerdiko ordu batetarako Parisen. Atzo, ostiralean, NBEko Segurtasun Batzordeak adostutako ebazpena abian jartzea izango dute eztabaidagai, Libiako zonalde batean aire-espazio ixtea, alegia.

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentea, Ban Ki-moon NBEko idazkaria, David Cameron lehen ministro britainiarra eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerra hitzorduan izango dira. Horrez gain, Jean Ping Afrikar Batasuneko Batzordeko presidentea eta Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroa Parisen izango dira.

Frantziako presidenteak, halaber, Amr Musa, Arabiar Ligako idazkari orokorra eta Herman Van Rompuy Europar Kontseiluko presidentea eta Catherine Ashton Kanpo Politikako EBko ordezkaria.

Herrialde arabiarrei dagokionean, Arabiar Emirerriak eta Qatar bileran izatea espero da, eta iturri ofizialean arabera, Maroko ere hitzorduarekin bat egin du.

NATO

NATOko herrialdeek Libiaren aurkako erasoa prestatzeko lanak azkartzea adostu zuten atzo, ostiralean, eta asteburuan aztertuko du erakundeak Muamar al Gadafiren erregimenari aurre egingo dion.

Iturri diplomatikoen arabera, egitasmo militarrak "ahalik eta azkarren" zehaztea onartu dute gaur Estatu kide guztiek, nahiz eta Alemaniak eta Turkiak esku-hartze bat arbuiatu. Horrela, euren tropek eraso batean parte hartuko ez dutela argi utzi dute bi herrialde horiek.

Oraingoz, Frantziak eta Erresuma Batuak guda hegazkinak bidaliko dituzte Mediterraneora, aire eremuaren itxiera ezartzeko beharrezko aire erasoak abian jartzeko.

Besteak beste, AEBk, Noruegak, Danimarkak, Kanadak eta zenbait arabiar estatuk NATO barik parte hartzeko prest daudela esan dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako berriak Munduko albiste garrantzitsuak NBE Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Libia gaur